‘Erretratu nomada’ iritsi da eskualdeko herrietara

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 13a, 10:30

Nomad Studiok herritarrei erretratuak atera eta herrietako argazki artxiboa osatzen lagunduko du; Alkizan abiatu dute bidea 

Eli Garmendia tolosarra eta Carlos Pericas argazkilariak dira. Bartzelonan hamabost urtez bizi ondoren, euren bizimodua errotik aldatzea erabaki zuten. Gauza materialekiko kateak apurtu, slow mugimendura gerturatu eta presarik gabe bizitzea hautatu zuten. Hala, autokarabana txiki batean, 17 hilabetetan hamar mila kilometro baina gehiago egin dituzte batera eta bestera bidaiatuz.

Argazki estudio ibiltari bihurtu dute euren bizitokia den ibilgailua eta herriz herri ibili dira erretratuak atera eta hamaika lagunen historiak eta istorioak ezagutuz. Nomad Studiok, gaur egun, Erretratu Nomada: Gipuzkoa egitasmoa du eskuartean. Garai bateko argazkilariek bezala, Gipuzkoako hainbat herritara joan nahi dute herritarrei erretratuak atera eta argazki artxibo bat osatzeko. Besteak beste, Alkizan izango dira igandera arte.
Garmendiak aipatu duenez  herri txikien bereizgarria bertako biztanleak dira. «Herrietara iritsi, gure estudioa muntatu eta ahal den neurrian biztanleei erretratu bana egitea da asmoa, erretratu horiek gero herriaren ondare bezala gera daitezen eta ondorengoek argazki horiek ikusi eta balora ditzaten».

Umeak erraz animatzen direla diote Nomad Studioko kideek eta gehixeago kostatzen zaiela helduei. Dena den, astelehenean, lehen egunean, Alkizan 24 erretratu egin zituzten eta «oso pozik» agertu dira ekimenaren bultzatzaileak. Momentuan inprimatu eta bakoitzari eskura ematen diete argazkia eta posta elektronikoz ere bidaltzen diete, nahi izanez gero. Astearen amaieran, bisitatu duten udalaren esku uzten dituzte herrian egiten dituzten erretratu guztiak eta proiektuaren www.retratonomada.com webgunean ere zintzilikatzen dituzte argazkiak, herri bakoitzaren kronika txiki batez lagunduta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta! deialdiaren bidez ekin abiatu zuten proiektua Garmendiak eta Pericasek, Goteo Fundazioarekin batera. Mikromezenasgoaren bidez 13.048 euro bildu zituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ekarpenarekin batera 150 pertsonen dohaintza jaso, eta horri esker, Gipuzkoako 8 herritan arituko dira datozen asteetan. 

Erretratu nomada

  • Maiatzaren 10etik 16ra: Alkiza
  • Maiatzaren 24tik 30era: Altzo
  • Maiatzaren 31tik ekainaren 6ra: Baliarrain
  • Ekainaren 14tik 20ra: Orendain
  • Ekainaren 21etik 27ra: Orexa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!