Zazpi herri eta zortzi parte hartzaile

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 11a, 19:12
Tolosa CF-ko palistak, denboraldi honen hasieran. Bertako kide ugarik parte hartuko dute Tolosa ordezkatzen.

Herriarteko Pilota Txapelketan eskuz Aduna, Alegia, Amezketa, Bidania-Goiatz eta Tolosa ariko dira lehian, eta gomazko paletan, Amasa-Villabona, Anoeta eta Tolosa. Asteburuan hasiko dira jokoan.

Aurreko urtean ez zen Herriarteko Pilota Txapelketarik egin, COVID-19aren inguruko neurriengatik, eta aurten berriro ere martxan jarri dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziotik. Eskuzkoan zein gomazko paletan jokatuko dute izena eman duten eskualdeko herriek.

Eskuzkoan Aduna, Alegia, Amezketa, Bidania-Goiatz eta Tolosak parte hartuko dute. Bidania-Goiatz eta Amezketa artean derbia izango da, igandean, 17:00etan, Bidanian. Adunak Ataunen aurka jokatuko du, ostiralean, 18:00etan hasita, Adunan bertan. Alegiak Zestoa izango du aurkari, eta herrian jokatuko ditu joaneko partidak, larunbatean 10:30ean hasita. Tolosak Andoainen aurka jokatuko du, eta joaneko partidak Amezketako Larrunarri frontoian jokatuko dituzte, larunbatean, 11:00etan hasita.

Gomazko paletan derbia jokatuko dute Amasa-Villabonak eta Anoetak, eta Villabonako Bearzana pilotalekuan hasiko da kanporaketa larunbatean, 10:30ean. Tolosak Azpeitia du aurkari eta joaneko partidak, larunbatean 10:00etan hasita, Azpeitian jokatuko dituzte.

Eskuzkoan binaka jokatzen dira partidak, kadete, jubenil eta nagusi mailetan. Bidania-Goiazko taldean kadete mailan Anartz Dorronsoro eta Ander Iraeta ariko dira, jubenil mailan Andoni Elola eta Alex Altuna, eta nagusi mailan lau pilotari daude izena emanda, Auritz Otaño, Oier Elola, Iñaki Elola eta Ander Zinkunegi, eta azken biak dira titularrak. Amezketaren erreferentzi handirik ez duela azaldu du Luis Galarraga taldearen ordezkariak. Azken zazpi urteetan parte hartzeko aukera izan du herriak, baina urte batzuetarako azken parte hartzea izango dela dio Galarragak: «Atzetik ez datoz pilotariak, eta horregatik aurten ahalegina egin dute taldea ateratzeko, batez ere Altunak, pilota utzita zuelako».

Amezketan ez dute jubenil mailako pilotaririk, eta beraz, bi kadete ariko dira maila horretan. Guztira, bost kadete daude taldean: Beñat eta Eneko Gorostidi anaiak, Ugaitz Mujika, Ander Balerdi eta Ander Ruiz. Nagusien mailan Aitor Galartza eta Ibai Beloki ariko dira. Zazpi urte zeramatzan Amezketak taldea osatu gabe eta aukera berri hau izateak nagusi mailako pilotariei esker izan da. «Herriko gazteek ilusioa zeukaten taldea osatzeko, eta eskerrak eman behar zaizkio Ibairi eta Aitorri parte hartuko dutelako», esan du Beñat Beloki taldeko ordezkariak. Kanporaketaren gakoa jubenil mailan egongo dela gaineratu du Belokik.


Herriarteko Pilota Txapelketan Alegiako taldea osatzen duten pilotariak.

ALEGIA BERRIRO ANIMATU DA

Azken urteetan taldea osatu gabe egon arren, aurten pilotari alegiarrak animatu dira parte hartzera. Kadete mailan Egoitz Agirre eta Jon Zabala ariko dira eta izena emanda daude ere Josu Collado, Eñaut Otegi eta Enaitz Artola. Jubeniletan Egoi Irazustabarrenak eta Unai Altunak osatuko dute bikotea. Nagusietan lau pilotarik eman dute izena: Aratz Irazustabarrena, Julen Oiarbide, Gorka Altuna eta Haritz Zabala. «Nagusitan nahiko talde polita dugu, eta aukerak baditugu aurrera egiteko, baina gure asmoa batez ere parte hartzea da», esan du Jose Luis Zabala ordezkariak.

Tolosako taldean Beñat Beloki bera da ere ordezkari, eta nagusien mailan izena eman duten pilotarietako bat da. Beste lau daude maila horretan: Aitor Altuna, Ioritz Egiguren, Jon Eskudero eta Ander Goikoetxea. Kadete mailan Jokin Ontsaloz gain, berez infantilak diren Jurgi Altuna eta Julen Insausti daude. Jubenil mailako bikotea Ander Sudupek eta Martxel Iztuetak osatzen dute. Kadeteetan Andoain izango dela faborito eta beste bi mailetan irabazteko asmoa dutela dio Belokik. Etxeko partidak Amezketan jokatuko dituzte, Beotibar frontoia COVID-19aren aurkako txertoak emateko gune bezala dagoelako.

Adunan kadete mailan Inhar Iparragirre eta Xabat Irazu ariko dira, jubeniletan Iker Aburuza eta Andoni Olasagasti, eta nagusietan hiru pilotarik eman dute izena: Aitor Zabala, Jon Irazu eta Jurgi Mujika. Azken lau edizioetan segidan parte hartu du Adunak Herriartekoan, eta Anne Maiza ordezkariak azaldu duenez, «pilotariak gogoz daude parte hartzeko. Herrian aukera zuten pilotari guztiek eman dute izena».

DERBIA, GOMAZKO PALETAN ERE

Gomazko paletan hiru partida jokatzen dira: lehenengo partida banaka kantxa osoan, 20 tantora; bigarrena 20 tantora kantxa osoan, binaka; eta hirugarren partida 20 tantora banaka, 7. koadroaren barruan. Tolosa azken edizioko txapeldunordea da, eta aurtengoan ere aurreko postuetan bukatu nahi du. «Lehenengo lau taldeen artean sartzea da, behintzat, gure asmoa», esan du Javi Iraola ordezkariak. Zortzi pilotari daude izena emanda: Odei Arregi, Hasier Agirre, Santi Mendigain, Karim Laamirni, Jon Aldazabal, Julen Izagirre, Urtzi Erleaga eta Iñaki Arriola. Etxeko partidak Ibarrako Belabieta frontoian jokatuko dituzte.

Eskualdeko derbian faborito Anoeta izango da, herriko Kuku elkarteak palako atala baitu. Aratz eta Alain Luisa anaiek, Beñat Luluagak eta Juan Carlos Oterok jokatuko dute, eta ordezko moduan Iñigo Labaka ariko da. Aurreko bi edizioetan parte hartu izan du taldeak. «Gipuzkoa mailan lehiatzen gara eta teorian kanporaketa honetarako faboritoak izango gara», esan du Aratz Luisak. «Pasatzeko esperantza dugu, eta ea noraino iristeko gai garen».

Joaneko partidak Villabonan jokatuko dira, eta herriko taldeko pilotariak ondorengoak dira: Mikel Otaño, Beñat Karrera, Xabier Aiertza, Eneko Maiz, Anne Maiza eta Iñaki Otaegi. «Herrian ez dugu palako atala, eta horregatik Anoeta da faboritoa», esan du Otaegik. «Baina prestatzen ari gara eta saiatuko gara aurka egiten». Bigarren parte hartzea dute gomazko paletan, orain hiru urte egindakoaren ondoren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!