Gazteentzat proposamena ekainerako

Ataria 2021ko mai. 12a, 11:57

Nairobitarrak batxilergoko lehen mailako gazteentzat hiru eguneko ibilbideak prestatu ditu barnealdetik kostaldera.

Lehen mundu bira burutu zutenetik 500 urte igaro direnean, espedizio hura egin zuten bi gipuzkoarren herriak, Juan Sebastian Elkano eta Pedro de Tolosarenak elkartuz ibilbidea prestatu zuten Aste Santurako Nairobitarrako kideek. Bada, ildo beretik, gazteei zuzendutako ibilbide laburragoa proposatu dute ekainerako.

Kasu honetan, jaso duten eskariari erantzuna eman nahi izan diotela azaldu dute. "Batxilergoko lehen mailako gazteek ekaina libre samar izaten dute, eta egun horietarako proposamena da egin duguna", azaldu du Iker Iriarte Nairobitarrako kideak.

Aste Santuan bost eguneko ibilbideak baziren, ekainerako hiru egunekoak prestatu dituzte, eta Tolosan hasi, Getariatik igaro eta Zumaian amaituko dute 40 kilometroko oinezko ibilbidea. Hala, batetik, orain 500 urteko ohiturak eta bizimodua ezagutzen saiatuko dira: nola bidaiatzen zuten, zer jaten zuten, zergatik joaten ziren... Bestetik, munduaren historia geologikoaren zati txiki bat ezagutuko dute Zumaian. 

Lehen bi egunetan, historia eta paisaiaren parte diren hainbat toki esanguratsutatik igaroko dira: Ernio, Zelatun, Iturriotz, Pagoeta… Lo ere mendian egingo dugu, naturaz inguratuta. Azken egunean, itsasorantz gerturatu, eta Zarauztik Getariarako bidea egingo dute, lehenik, mahastietan barrena. Getarian, tarte bat hartuko dute Elkano Fundazioa ezagutzeko. Fundazioko lagunek, bertan egiten duten lana azaldu eta lehen mundu birari buruzko informazioa emateaz gain, Elkanorekin zerikusia duten txokoak, kondairak eta bitxikeriak erakutsiko dizkiete. Ibilaldia amaitzeko, Zumaian eta inguruetan, mundu mailan ezaguna den fenomeno bat bertatik bertara ikusteko aukera izango dute: flysha, geruza sedimentario tolestuez osatutako itsasertz ikusgarria, alegia. 

10-12 laguneko taldeak osatuko dituzte, eta ekainerako hiru txanda antolatu dituzte. Animatzen diren gazteek Nairobitarrarekin jarri behar dute harremanetan ekimenean parte hartzeko edo informazio gehiago lortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!