Belako eta Tenpora taldeak, MIN sarietako finalerdietan

Ataria 2021eko maiatzaren 6a

Belako taldeko kideak.

Zaleen botoei esker lortu dute aurrera egitea; Sin Mala Intencion taldeak ere hautagaitza bat baino gehiago zituen.

2021eko Espainiako musika independentearen MIN sariak ekainaren 16an banatuko dituzte, Burgosen. Musika taldeek euren hautagaitza aurkezteko aukera izan zuten, eta atzo eman zuten herritarren botoei esker finalerdietara sailkatu diren hautagaien zerrenda; azken fasean, epaimahaiak erabakiko ditu saridunak. Hautagaien artean euskal talde ugari daude, eta tartean, baita eskualdekoak ere, Tenpora eta Belako kasu.

Juantxo Zeberiok, Hasier Oleagak, Itsaso Etxebestek, Beñat Barandiaranek eta Elene Arandiak osatutako Tolosako Tenpora taldeak Berriro asma nazazu hirugarren diskoa aurkeztu zuen iaz. Bada, hainbat kategoriatan zegoen hautagai moduan: artista onena, album onena, pop album onena, ekoizpen musikal onenarena eta euskarazko album onena. Azken honetan soilik lortu du aurrera egitea.

Lander Zalakain bateria jotzaile tolosarra taldekide den Belako ere hautagaien artean dago. Pasa den urtean kaleratu zuten Plastic drama diskoa euren laugarren lana da. Artista onena, abesti onena Marinela 2017 abestiagatik, album onena, rock album onena, musika ekoizpen onena, bideoklip onena Sirene abestiaren bideoklipagatik eta diseinu grafiko onena ziren euren hautagaitzak. Bada, azken horretan izan ezik, beste guztietan lortu dute finalerdietara sailkatzea.

Gorka Lizaso billabonatarra buru duen Sin Mala Intencion taldeak, bestalde, pasa den urtean kaleratu zuen Cuando llueve demasiado bigarren diskoa. Artista onena, Punto y seguido abestiarekin urteko abesti onena, album onena, rock album onena, musika ekoizpen onena, diseinu grafiko onena eta Fuimos un volcan abestiaren bideoklipagatik bideoklip onena ziren hautagaitza aurkeztu zuten kategoriak, baina bakar batean ere ez dute aurrera egitea lortu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!