Establezimenduen atarian bilduko dute hondakin organikoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 4a, 15:59

Tolosaldeko Mankomunitateak '%100 sailkatu eta konpost bihurtu' izeneko kanpaina jarriko du martxan, bihar, Tolosako eta Amasa-Villabonako 300 establezimenduri "erosotasuna" eskaintzeko helburuarekin.

Gaikako bilketa datuak hobetzeko egitekoen artean, aurrerapauso bat ematekotan da Tolosaldeko Mankomunitatea. Izan ere, laguntza berezia eskainiko die hondakin organikoa kopuru handietan sortzen duten Tolosako eta Amasa-Villabonako establezimenduei, besteak beste, merkatariei, ostalariei, ikastetxeei edota zaharren egoitzei. Euren establezimenduen atarian bilduko die hondakin organikoa. Horretarako, %100 sailkatu eta konpost bihurtu izeneko kanpaina jarriko dute martxan, bihartik aurrera.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, beste udalerri batzuetan egiten duten moduan, bilketa sistema honek, “erosotasuna” eskainiko dio erabiltzaileari. “Mankomunitateak doan banatuko dizkio bere beharren araberako kuboa, 40 edo 120 litrokoa, eta poltsa konpostagarriak, eta hondakinen poltsak asteko hiru egunetan jasoko dira establezimenduaren atarian”. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan igaroko dira Amasa-Villabonatik, eta gainerako lanegunetan gauza bera egingo dute Tolosan; guztietan, 9:30ean.

Atxikimendu gehienak lau astetan zehar jasotzea da asmoa, eta helburu hori lortzeko hezitzaile pare baten bisitak jasoko dituzte bi herrietako 300 bat establezimenduk. Era berean, establezimendu horietako ordezkariek, mankomunitateko webgunean (www.tolosaldekoankomunitatea.eus) aurki dezakete zalantzak argitu, kanpainan izena emateko eskaerak egin edota informazio gehiago jasotzeko atala.

Hala ere, bisitatuko diren establezimenduetan triptiko bat banatuko dute datozen egunetan. “Organikora bota daitekeenaren informazioa eta hondakinak horrela biltzeak suposatzen dituen onurak aipatzen dira. Izan ere, harro sentitzeko arrazoi bat da, organikoa bereizita zure herriari mesede egiten diozulako eta ingurune osasuntsuagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduko duzulako”, azaldu du Unzuek.

Lurraren ongarri

Kanpainaren izenak dioen moduan, sailkatutako hondakin organiko guztia konpost bihurtu nahi du mankomunitateak. “Organikoa behar bezala banatu eta biltzeaz gain, birziklatzen ez den hondakin kopurua gutxituko dugu, horrek gure ingurumenean eta baita ekonomian ere suposatzen duen abantailarekin. Ekonomia zirkularraren aldeko keinu errazenetako bat izango da. Egun batez fruta azalak, kafe-hondarrak edo lore xorta zimelak izan zirenak, konpost moduan bueltatuko dizkiogu lurrari, produktuak ekoizteko behar dituen ongarri gisa”.

Olatz Peon Tolosako alkateak gaineratu du, ingurumenarekiko kontzientzia sustatzeko helburuarekin, Tolosaldeko Mankomunitateak eta eskualdeko udalek, urteak daramatzatela herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egiten. “Bilketa datuak hobetzeko, erraztasunak ematea, zerbitzuak etengabe hobetzea eta herritarren beharretara egokitzea lehentasunezkoa da guretzat”. 2019an, hondakin bilketarako kamioi isilak eta elektrikoak ezarri izana jarri du adibide modura. “Neurri eraginkorra izan zen, soinu gutxiago sortzeko eta jasangarritasunaren aldeko apustuan, aldaketa klimatikoari aurre egiteko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!