Lehen aldiz parte hartzen ari da Peña lehen mailako txapelketan eta finaleraino iritsi da. Bere atzelaria, Albisu, izan da gaurko partidako onena, atzean agindu baitu, eta horrek norgehiagokaren norabidea erabaki du. Partidaren bukaeran Peñak oraindik ez zuela sinisten zioen ETBko mikrofonoetan: “Shock egoera batean nago. Oso oso pozik nago. Uste dut Jon Anderrek eta biok txapelketa oso ona egin dugula, eta uste dut merezi genuela finalera iristea. Jon Anderrek ni baino gehiago, greba garaian aurpegia eman zuelako, eta orain urte batzuk finala ezin izan zuelako jokatu lesio batengatik. Batez ere berak merezi du, eta nik lana txukuna egin ondoren ere baietz espero dut”.
Urdinek atera dute lehen sakea, eta Peñak laburregi jo du pilota, baina ez da partidatik atera. “Garbi nuen saketik arriskatu egin behar nuela. Beste sake batzuk ere larri izan dira, baina hori da nire jokoa. Aurreneko tantoa zen, eta ondo aurkitzen nintzen, joko eta buru aldetik; Jon Anderrek konfiantza izugarria ematen dit kantxan, eta aurreneko akats hori egin ondoren, hasi aurretik bezala begiratu nau eta horrek asko balio du”. Urdinek garbi zuten Altuna ahalik eta gutxien sartu behar zela jokoan, eta Mariezkurrena zigortu dute, honi oso atzean jokatzera behartuz. Bere rola zein izan den garbi zuen tolosarrak: “Jon Ander jotzailea da eta hori aprobetxatu behar genuen. Nik ere hasieran atzera jo dut, eta saiatu naiz laguntzen, baina gaur Jon Anderrek beste behien erakustaldia eman du”. Abantaila handia izan dute markagailuan urdinek, eta bukaera aldera gorriak tanto gehiago egiten hasi dira, baina serio jokatu dute eta partida irabaztea lortu dute.
Jokin Altuna, gaurko partidaren une batean. EITB
Jokin Altunak triste hitz egin du ETBko mikrofonoetan, binakako finala jokatzeko beste aukera batek ihes egin diolako: “Bikote hobeagoa izan dira, eta zoriontzea besterik ez zaigu geratzen. Beraiek guri min gehiago egin digute, guk beraiei baino. Txapelketako lehen fase ona jokatu genuen, baina final-laurdenetako kanporaketan ez genituen sentsazio onak izan, eta gero ere kosta egin zaigu gure punturik onena harrapatzea. Txapelketa honek horixe du, hilabete asko dira eta aurten ere urtea ez da erraza izan, txapelketa asko dena segidan izan direlako eta pilotariak ezin du kontrolatu noiz iristen den ondoen. Saiatu egiten zara ahalik eta ondoen iristen, baina bukaera honetan esango nuke beraiek gu baino hobeto iritsi direla”. Gaurkoan ez duela minik egin gaineratu du amezketarrak, eta triste dagoela ez duelako partida irabazi, baina “aurrera segi behar dela” zehaztu du. “Aste hau lasaiago pasa eta berriro ere entrenatzen saiatuko gara buruz burukorako”.
Ezkerrarekin ez duela minik egin azaldu du Altunak, eta pilota erdian uzten ziola Albisuri, honek atzean jarri eta Mariezkurrenari min egiteko. “Hor ez dut asmatu, eta horregatik Joni iristen zitzaizkion pilota ez hain onak. Baina beraiek oso une onean daude, eta ez zaie meriturik kendu behar”. Azken hiru urteetan izan da amezketarra finalerdietan, eta lehenengoan partida guztiak galdu ondoren, beste bietan ateetan geratu da. “Pena handia ematen dit, baina aitzakiarik ez dago. Lanean jarraitu beharko dugu. Ez dut oraindik finalik jokatu binakakoan, eta ilusio handia egiten dit, baina ikusten da ez dela erraza”. Hurrengo erronka buruz buruko txapelketa izango du. Txapelduna izana da eta aurreko urtean txapeldunorde izan zen Jakarekin jokatutako finalean. “Orain freskatu bat hartu nahi dut, eta gero buru-belarri prestatuko dut”.