Pello Lizarralderen 'Argiantza' lanak irabazi du 111 Akademiaren Saria

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 29a, 15:41

Iazko etenaren ostean, aurten, jendaurreko sari emate ekitaldia egiteko asmoa du 111 Akademiak, ekainaren 10ean

111 Akademiak Pello Lizarralderi (Zumarraga, 1956) emango dio 2020ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Lizarralderen Argiantza eleberria izendatu dute 2020ko libururik gogokoen. 202 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 117k parte hartu dute 2020ko sariduna izendatzeko 2021eko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Lizarralderen lanak Joxean Agirreren Nobela errealista bat eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du 111 Akademiak ekainaren 10ean. Edonola ere, osasun egoeraren bilakaera ikusi ahala hartuko dituzte antolatzaileek ekitaldiaren inguruko erabakiak.

Mende laurdena

Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek mende laurdena bate du aurten. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Joxean Agirrek irabazi zuen lehen edizio hura Elgeta obrarekin, eta gutxi falta izan zaio idazle azpeitiarrari 25. urteurrenean berriz ere saridun izateko; esan bezala, ordea, Pello Lizarralderen aldeko hautua egin dute azkenean akademiakideek.

Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:

  • 1996 Joxean Agirreren Elgeta

  • 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak

  • 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri

  • 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion

  • 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean

  • 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua

  • 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua

  • 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea

  • 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua

  • 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten

  • 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak

  • 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea

  • 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana

  • 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori

  • 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak

  • 2011 Harkaitz Canoren Twist

  • 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene

  • 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat

  • 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak

  • 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron

  • 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua

  • 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin

  • 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa

  • 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea

  • 2020 Pello Lizarralderen Argiantza

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!