Larre irekiera festarik gabe ere, ganaduak bere bidea egingo du

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 29a, 19:58

Maiatzaren 1arekin batera egin izan dira larreen irekierak, bai Abaltzisketako Larraitzen eta baita Amasa-Villabonako Komizarren ere, baina aurten ere ez da festarik egingo.

Udaberria eta larreak berde kolorez janztearekin batera, ganadua larreetara atera ohi da. Animaliak mendirako gogoz izaten dira, eta maiatzaren lehenarekin batera Aralar Natur Parkeko zelaietarako bidea hartu ohi dute.

Larreen irekitzea festarekin irudikatu izan dute Abaltzisketako Larraitz auzoan. 1997. urtean egin zuten lehen aldiz Larraitzen Larre Irekiera festa. Aurtengoa, berez, 24. festa eguna zatekeen, baina COVID-19ak zapuztuta geratuko da. Iaz, festa ofizialik izan ez bazen ere, konfinamendua tarteko, abaltzisketarrek suziria bota eta irekiera sinbolikoa egin zuten. Gaur egungo egoera tarteko, ez da horrelakorik egingo eta mankomunitateak ere esana du ez dela Larre Irekiera festarik egingo.

Festarik gabe ere, ganaduek larreetarako bidea hartuko dute. Mankomunitateak jakitera eman duenez, aurten, 964 behi, 14.382 ardi, 2.551 ahuntz eta 726 behor igoko dira Aralarko larreetara. Horretarako, ganaduzaleek lehenik eta behin Enirio-Aralar Mankomunitatean baimena eskatu behar izaten dute.

KOMIZARREN ERE FESTARIK EZ

Amasan ere festa egiteko ohitura hartua zuten ganaduzaleek maiatzaren 1ean, baina, aurten, bigarren urtez jarraian ez da festarik izango.

Amasa-Villabonako Komizarren dagoeneko hazienda batzuk larreetara igota dituzte. Aurten, guztira, eskaera egin duten ganaduzaleen artean, 118 behi, 666 ardi, 47 behor eta 47 ahuntzek erabiliko dituzte udalarenak diren lurrak.

Beheko larreetan, hilaren 24tik, behiak eta behorrak dagoeneko larreetan daudela jakinarazi dute udaletik, eta, aldiz, goiko larreetarako bidea, larunbatean, maiatzaren 1ean hartu ahal izango dute ardiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!