Bertsolari gazteen hitzordua Asteasun

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 29a, 18:00
Oibar Olano asteasuarra, ezkerretik bigarrena, Oiartzunen jokatutako lehen kanporaketan.

Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren bigarren kanporaketa izango da bihar, Asteasuko udaletxean, 19:00etan hasita.

Pasa den ostiralean hasi zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa Oiartzunen. Kantuan Oibar Olano asteasuarra, Hodei Munduate, Ekain Tolaretxipi eta Joar Garate aritu ziren, eta azken honek eskuratu zuen maiatzaren 28an ospatuko den finalerako txartela Oiartzungo saioa irabazita. Gainontzekoek beste kanporaketetako emaitzen zain egon beharko dute.

Hain justu, bihar izango da bigarren kanporaketa Asteasuko udaletxeko aretoan, 19:00etan hasita. Kantuan Nerea Isusi, Mikel Ostolaza, Aratz Arzelus, Irati Arakistain eta Ane Zubia ibartarra ariko dira. Saiora joan ahal izateko gonbidapenak dagoeneko agortu dira.

BAZKARIA, BERTAN BEHERA

Bestalde, larunbat honetarako, maiatzaren 1erako, bertso bazkaria zuen antolatua Harituz Bertsozale Taldeak Adunako Aburuza Sagardotegian, baina bertan behera uztea erabaki du, osasun egoeragatik: «Aduna eremu gorrian egon ez arren, eskualdeko herri asko daude egoera horretan, itxiera perimetrala ezarrita. Hori dela eta, une honetan ez du zentzurik eskualdetik eta eskualdearentzat antolatutako bertso bazkaria egiteak», esan dute Harituzetik.

Bertso bazkarira joateko txartela erosi dutenei, datozen egunetan egingo die diru itzulketa bertsozale taldeak. Dagoeneko ehun sarrera baino gehiago salduta zeuden Oihana Iguaran eta Amets Arzallus kantuan ariko ziren bertso bazkarirako. Harituzeko koordinatzaileak adierazi duenez, «horrek erakusten du bertsozaleak gogoz daudela mahai inguruan bildu eta bertso saio batez gozatzeko».

Osasun egoera hobetzean, bertso bazkaria berriz antolatzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek: «uda aurretik bertso bazkaria antolatzea da gure helburua baina osasun egoerak baldintzatuko du hori guztia».

BERTSOLARITZA TAILERRAK

Haurrei eta gazteei zuzenduriko bertso eskolez gain, helduentzako tailerrak ere antolatzen ditu urtero Harituz Bertsozale Taldeak. «Helduek bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza lortzea eta bertsotan ikastea da helburua». Aurten Iruran eta Lizartzan osatu dituzte taldeak, maiatzean ekingo diete, eta lau asteko iraupena izango dute. harituz.bzt@gmail.com helbidera mezua bidali beharko dute tailerrean parte hartu nahi dutenek, eta horretarako bihar da azken eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!