«Koordinatzea ez da lan handia, baina batentzat bakarrik gehiegizkoa da»

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 1a, 08:58
Argazkiak ateratzea, irakurtzea eta futbola ditu afizio Patxi Renobalesek. I. GARCIA LANDA

Argazkiak ateratzea, irakurtzea eta futbola ditu afizio Patxi Renobalesek, Intxurreko futbol arloko koordinatzaileak. Intxurre futbol klubari lan eta ordu asko eman dizkio eta ardura hori elkarbanatu nahi du. Talde bat osatzeko esperantza du futbolzaleak.

Intxurreko futbol arloari erabat loturik egon da Patxi Renobales (Ugarte, 1959). Futbol jokalaria izan zen, eta gero, azken hogei urte baino gehiagoz koordinatzaile moduan aritu da. Ardura hori ez du berak bakarrik eramaten jarraitu nahi eta talde bat osatzeko deialdia luzatu du.

Alegiari erabat lotuta zaude, baina ez zinen bertan jaio. 

Ugarten jaio nintzen eta Alegiara hamalau urterekin joan ginen familia osoa. Halere, Ugarteko lotura ez dut behin ere galdu eta ez dut galduko. Txindoki azpiko zonalde hori dena berezia da niretzat.

Lanetik erretiroa hartu berri duzu. Beldurrik bai bizimodu berriari?

Batere ez. Tailerrekoek-eta esaten didate aspertu egingo naizela, eta nik erantzuten diet aspertzen banaiz joango naizela bisita egitera. Lehen ere denbora oso erraz pasatzen nuen nik. Orain goizetan bueltatxo ederra egin menditik-edo eta arratsaldetan gurasoak zaintzen egoten naiz. Paseatu egiten dut eta irakurri; irakurtzea asko gustatzen zait. Gauza bat daukat faltan, poteorik ezin dudala egin iluntze askotan, orain COVID-19aren kontuarekin tabernak itxita daudelako. Niretzat bizipoza izaten zen lagunekin elkartu, bi-hiru ardo hartu, eguneko gauzak elkarri kontatu, pixka bat eztabaidatu eta hurrengora arte agurtzea.

Argazki kamera zurekin eramaten duzu edonora. Noiztik dator afizio hori?

Soldaduskatik. Bertara argazki kamera txiki bat eraman nuen eta gerora beti izan dut kamera bat gainean. Milaka argazki dauzkat, txarrak pila bat, onak baino gehiago ziurrenik, baina behintzat bere historia dutenak. Lehen karpetatan sartzen nituen, eta baditut karpeta pila bat. Baina gaur egun argazkiak digitalak direnez, ordenagailuan daude sartuta. Hori bai, argazkiak automatikoan ateratzen ditut, eta kito. Futbolaren ingurukoak pila bat ditut. Urtero aprobetxatzen ditut irudiak egutegi bat ateratzeko, jendeak asko eskertzen du, eta hortik ere sosa batzuk ateratzen dira taldearentzat.

Irakurtzea duzu beste afizioetako bat.

Aspaldidanik dut, baina orain arte pixka bat utzita nuen. Txalapartako harpideduna izan nintzen, gero utzi nuen hori, eta ez dut hainbeste denbora izan. Orain asko irakurtzen dut, edozein banku bazterrean jarri eta gustura irakurtzen dut. Gozatu egiten dut.

Eta futbolak zer pisu du zure bizitzan?

Erabatekoa. Ni Alegian futbolean 16-17 urterekin hasi nintzen. Areto futbolean ibiltzen ginen. Txirrindularitzan ere zertxobait aritu nintzen. Futbolean Amarotzen ibiltzen nintzen, Intxurre taldearekin atzelari moduan, eta aurkariek diotenez gogorra nintzen, ostiko handiak ematen omen nituen, niri horrela ez bazait iruditzen ere. 

Intxurre futbol taldea noiz hasi zen?

Intxurrek jokatu zituen lehenengo partidak 1991n izan ziren, hondartzan. Valentin Arrayetek osatu zuen infantil mailako taldea. Gero kadete mailakoekin hasi ginen, eta horiek Usabalen jokatzen zuten, orain Laskorain Ikastola dagoen lekuan. Andoaingo Etxebarrietan ere jokatu genuen, Alegian futbol zelaia egin bitartean.

Baina zuk aurretik jokatu zenuen, eta orduan Intxurre zen ere.

Bai, noski, eta nik jokatu baino lehen ere bazegoen. Hor badaude kamiseta berezi batzuk, gorputza alderik alde zeharkatzen duen Intxurre izenarekin. Intxurre berez Alegiako kultur elkarte bat da, justu datorren urtean 50. urteurrena beteko duena. Bere garaian mendiko atala zuen bakarrik. Gero Valentini bururatu zitzaion futboleko atala ere sortu behar zela.

Zuk hogei urtetik gora daramatzazu Intxurreko futboleko atalean. Nola sartu zinen?

Ni beti izan naiz oso saltseroa. Txirrindularitzan ere talde batekin ibili nintzen, pixka bat erakusten-eta. Horrez gain, lasterketak antolatzen ere aritu nintzen Langaurre Txirrindulari Elkarte bezala. Futbolaren inguruan beti ibiltzen nintzen argazki kamerarekin, eta Valentinek behin esan zidan uztera zihoala eta nik sartu beharko nuela. Eta nik ezezkoa esaten oso gutxitan dakit, gehienetan baiezkoa esaten dut; sartu nintzen eta ordudanik hor nabil. Elorri futbol zelaia 1995ean egin zen, eta garai horretan sartu nintzen.

Manifestazioak eta guzti egin zenituzten futbol zelaia izateko...

Manifestazioak baino gehiago, kartelada batzuk egiten genituen, udala presionatzeko. Beharra ikusten genuen, ezin genuelako segi Usabalera joaten, ez zen gure zelaia. 

Garbi zegoen non izango zen kokapena?

Frontoia oraindik egiteko zegoen. Alegian ez dago leku asko ere. Han fabrika zahar bat bazen, gero baratze batzuk zeuden, eta bai, leku egokiena huraxe zen. Leku nahiko justua geratu zitzaigun. Alegiako futbol zelaiak 90x48 metro ditu, eta oso justua da. Hala ere nik beti esan dut Alegia bezalako herri batentzako nahikoa futbol zelaia dela. Ez dugu anbizio handirik sekulako mailan ibiltzeko. Beheko mailentzako nahikoa zelaia dela ikusten dut.

Futbol taldearen ardura hartu zenuenean, zerekin egin zenuen topo?

Dena berria zen niretzako. Gainera kasik bakarrik egin izan dut lana. Santos Irazustabarrenak eramaten zuen kirol arloa, eta gainontzekoa nik eramaten nuen: tramitazio guztia, federaziorekin, epaileekin, publizitatea bilatu, bazkideak, arropak... eromena. Aurreneko urteetan federaziorekin hitz egiten-eta ikasten zoaz, eta horrela hartzen duzu martxa.

Patxi Renobales eta Santos Irazustabarrena, Realaren Zubietako instalazioetan, 2018an. ATARIA

Zer bilakaera izan du klubak?

Hondartzakoan infantilekin hasi ginen, eta gero atera genituen bi talde kadetetan, eta gero jubenilekin. Eta gero, urtero, erregional mailakoak, jubenilak eta kadeteak. Bosgarren denboraldian nesken areto futboleko taldea sortu genuen. Eta gero neskekin urtero egin dugu lana, azken urteetan zelai handian.

Zein da Intxurreren filosofia?

Herriko jokalariei beti lekua egingo dien taldea da. Herrikoekin ezin bazen osatu, kanpotik etortzen ziren. Gaur egun gertatzen dena da Intxurreko jokalari asko Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain, Altzo eta ingurukoa dela. Garai batean jende asko etortzen zen Anoetatik. Tolosatik eta Ibarratik ere tarteka etortzen ziren. Gure aukera beti izan da futbolean gozatzea, emaitzari eta sailkapenari begiratu gabe, presiorik gabe. Urte batean mailaz igoz gero bagenekien hurrengo urtean jaitsi egingo ginela, ez zegoelako jarraipenik. Ez ginen ibiltzen beste taldeetako jokalarien bila. Ez genuen ezer eskaintzeko ere, harri txintxarrezko zelaia genuen-eta orain bi urte arte.

Hain justu, orain Elorri futbol zelaia belar artifizialekoa da. Hori ere zuek eskatuta etorri da. 

Bai, sekulako lana ematen zuelako harri txintxarrezkoak. Partida baino bi ordu lehenago egon behar izaten genuen futbol zelaia prestatzeko. Karroa hartu eta karearekin dena markatu, putzuak lehortzen saiatu, euria egiten zuenean marrak kendu egiten ziren... Baina belar artifizialezkoa jartzeak diru pila bat eskatzen zuen, eta ez genuen inongo laguntzarik.

Ekonomikoki nola antolatu zarete?

Udalak eta Realak ematen duenarekin, inguruko enpresa eta denda pila baten laguntzarekin, eta bazkideek ematen dutenarekin. 300dik gora bazkide ditugu hamar euroko kuota sinbolikoa jartzen dute, eta azkenean dirua ere bada. Enpresen eta denden laguntza jasotzeak lana ematen du. Ondo hartzen naute, eta gainera asko ziren bere garaian Valentinek egindako kontaktuak. Eskertzekoa da jasotako laguntza hori dena. Zozketak ere egiten dira, eta garagardo azokak ere antolatu izan ditugu.

Zure lanagatik dirua jasotzen duzunaren ustea izango da...

Bai zera ordaindua, borondatea latza! Jendeak pentsatuko du, baina gasolinarentzako ere ez dut ateratzen. Begiraleei zerbait ordaintzen zaie, guztiz sinbolikoa. Eta jokalarien jantziei dagokionez, berriak erosi gabe ahal den gehiena eustea da helburua.

Deialdi bat egin duzu, esanez taldearen arduran aldaketa egin behar dela, eta uzteko asmoa duzula. Aurretik ere uzteko asmoa azaldu zenuen?

Orain dela hamar urte-edo bakarrik sentitzen nintzen, lan guztiak egiten. Santos Irazustabarrenak kiroleko arloa eramaten zuen, baina beste guztia egiten bakarrik sentitzen nintzen. Jarraitzeko esan zidaten, eta hor segitu dut. Baina ez da bakarrik dagoen lanarengatik, konturatzen naiz adinarekin ere gauza batzuk ahaztu egiten zaizkidala. Baina federazioan ditudan harremanekin-eta, zerbaitetan atzeratuz gero, aukera izan dut tramiteak geroago egiteko ere. Horregatik, ezin dut bakarrik segitu. Taldea ez bada osatzen nik garbi dut utzi egingo dudala. Sekulako pena izango litzateke hainbeste urte eta gero ez osatzea taldetxo bat, harrigarria ere bai, baina osatuko dela esperantza badut.

Deialdia egiterakoan guztiz utziko zenuela esan zenuen?

Nik planteatu nuen apartatu egingo nintzela. Baina ikusten dut denbora badudala, eta beraz, apartatu baino gehiago esaten dut jarraituko dudala beste bi urtez edo, nire esperientzia azalduz, baina garbi utziz jende berria sartu behar dela. Lagun pare bat animatu dira, eta beste bi edo hirurekin seiko talde bat egitea izango litzateke egokiena, lana banatzeko. Ez da lan handia, baina batentzat bakarrik gehiegizkoa da. Orain bilera bat egitekoak ginen, baina bizi dugun egoera dela-eta, zain gaude elkartzeko.

Eta nondik jo duzue, jokalarien gurasoengana?

Bai, begirale eta ordezkarien aldetik ez dugu arazorik, aurreko urteko berberek jarraituko dute, eta herrikoak dira denak. Beraz, gurasoei egin diegu deialdia batez ere, baina ez Alegiakoei bakarrik, Altzokoei, Amezketakoei... Ea herri bakoitzetik norbait sartzen zaigun, herriko bertakoekin kontaktua izateko.

Intxurrek zer eman dizu zuri?

Ni gazteekin lagun bat bezala sentitzen naiz, ez naiz zahar bat bezala sentitzen. Gaur egun Alegian gazte guztiek egingo didate kasu, eta hori ikaragarri baloratzen dut.

Eta Alegiari zer ematen dio Intxurrek?

Nik uste dut asko ematen diola. Gaur egun Intxurre aipatzen den leku askotan Alegiarekin lotzen da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!