Finalistetako bat eskualdekoa izango da

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 26a, 19:59

Altuna III-Mariezkurrena II eta Peña II-Albisu bikoteen arteko partida sailkapen ligaxkan. MIKEL ASKASIBAR

Binakako Pilota Txapelketako datorren igandeko partidak erabakiko du Jokin Altuna edo Jon Ander Peña pasako den finalera.

32 urte egin behar dira atzera, eskualdeko pilotari bat Binakako Pilota Txapelketaren final batean ikusteko. Orduan, Joxean Tolosa amezketarrak parte hartu zuen, Ladutxe aurrelari zuela, eta finalean izateaz gain, txapela ere jantzi zuten Retegi II.a eta Arretxe aurkari zituztela. Oraingoan beste amezketar bat, Jokin Altuna, edo tolosar bat, Jon Ander Peña, izango dira finalista. Igande honetan euren aurka jokatuko dute, Altuna III.ak atzelari Mariezkurrena II.a duela, eta Peña II.ak atzelari Albisu izanik. Bikote irabazleak zain izango ditu Elezkano II.a eta Zabaleta, maiatzaren 9an jokatuko den finalean.

Asteburua emozioz betea izan da, batez ere larunbateko partidan. Finalerdietako ligaxkaren bigarren jardunaldian, lehen jardunaldiko bi bikote galtzaileek jokatzen zuten, Altuna III-Mariezkurrena II eta Ezkurdia-Ladis Galartza bikoteek. Galtzen zuena ia aukerarik gabe geratzen zen finalerako, eta irabazten zuenari esperantzaren argia indar gehiagoz pizten zitzaion. Azkenean 21-22 irabazi zuten Altunak eta Mariezkurrenak.

Emaitzarekin bai, baina berak egindako jokoarekin ez zegoen batere gustura Altuna, ETBko mikrofonoetan azaldu zuenez: «Ni nire mailatik behera egon naiz. Saiatu naiz kantxan egoten eta lana egiten, eta ez nintzen txispaz-eta gaizki sentitzen, baina konfiantza pixka bat galduta nuen. Egia esan aurreko asteko partidak konfiantza pixka bat galdu arazi zidan, eta ez naiz ondo sentitu». Mariezkurrena aurreko asteburuan baino askoz hobeto aritu zela esan zuen amezketarrak, eta horregatik eta Ladis Galartzak opari batzuk egin zituelako irabazi ahal izan zutela partida. Ezkurdia izan zen partidako onena, eta horrela onartzen zuen Altunak: «Josebak lan handia egin du eta tanto ederrak egin ditu. Gaur nik baino gehiago merezi zuen irabaztea, baina niri batzuetan tokatu izan zait beste aurrelariak baino partida hobea egin eta galtzea, eta gaurkoan bestaldera tokatu da».

Igandeko partidan, Peñak eta Albisuk 22-8 galdu zuten Elezkano-Zabaletaren aurka. Irabazleak nagusi izan ziren, Zabaletak kantxa menperatuz, eta Elezkano errematean fin arituz. Garbi zuen Peñak partidan zer gertatu zen: «Egurra jaso dugu. Txapelketa guztian gertatu ez den bezala, gainetik pasa gaituzte. Guk gurea ez dugu ehuneko ehunean eman, baina emanda ere galdu egingo genuke. Horrela jokatzen badute oso bikote handia egiten dute». Galdu arren, igandean irabazita finalera pasako dira Peña eta Albisu, baina hori beste partida bat izango da.

JAKAREN AZKENA ASPEREKIN

Erik Jakak larunbatean jokatu zuen bere azken partida Asperekin. Ia zortzi urte bertan izan ondoren, Baikorekin fitxatu du lizartzarrak. Azken partidan Xabier Tolosa anoetarra atzelari zuela jokatu zuen, eta tanto batengatik galdu zuten Peio Etxeberria eta Martijaren aurka. Aldaketa egiteko gogo handiz dagoela adierazi zuen ETBko mikrofonoetan: «Aurreko astean itxi zen fitxaketa, eta burua hor nuen. Ilusioz nago, etapa berriagatik, eta taldekide berriekin lanean hasteko gogotsu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!