Indarkeria matxista kasua salatzeko kalera atera dira herritarrak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 24a, 19:01

Tolosako Asanblada Feministak, Tolosako eta Zizurkilgo udalek eta emakume taldeek elkarretaratzea egin dute, gaur, Tolosan. Hilaren 18an erasoa jasan zuen emakumeari laguntza eta elkartasuna adierazi dizkiote, eta argi utzi dute Tolosak eta Zizurkilek ez dutela onartzen emakumeen kontrako erasorik, eta ez dutela onartuko. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin deialdiarekin. Bestetik, Tolosaldeko Itaiak deituta, Zizurkilen ere elkarretaratzea egin dute Zizurkilen gertatutako eraso matxista salatzeko.

Tolosako Asanblada Feministako kideek elkarretaratze deialdia egin zuten atzo, eta deialdi horri batu zitzaizkien Tolosako eta Zizurkilgo Udalak. Gaur elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan, hilaren 18an emakume tolosar batek jasandako eraso matxista irmoki arbuiatzeko eta gaitzesteko.   

Tolosako Asanblada Feministako kideek hartu dute hitza, eta "nazkatuta gaude" esanez, "eraso sexistarik ez. Ez Euskal Herrian eta ez inon", aldarrikatu dute ozen. "Indarkeria matxistak ez du mugarik, eta bizi garen  sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da", adierazi dute, eta "eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak, bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea da". Horregatik guztiagatik, "indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du", esan dute.

Modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak ez direla azaldu dute. Bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duela azpimarratu dute, eta Tolosako Asanblada Feministatik autodefentsa feministarako deia egin dute: "Gure bizitzak direlako jokoan daudenak". Feministak erantzuteko prest daudela argi utzi dute: "Martxan jarraituko dugu. Elkarrekin eta borrokan, denak aske izan arte". Erasoen aurrean kalera ateratzeko deia ere luzatu dute.

Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak eta Olatz Peon Tolosako alkateak irakurri dute jarraian adierazpen instituzionala. Hasteko, erasoa jasan duen emakumeari laguntza eta elkartasuna adierazi nahi izan diote, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoa berretsi dute.

“Tolosako eta Zizurkilgo udal ordezkari guztiok, apirilaren 18an, Zizurkilen, emakume tolosar batek jasandako erasoa irmoki salatu eta arbuiatu nahi dugu eta aldi berean erasoa jasan duen emakumeari gure laguntza eta elkartasuna adierazi", esan dute. "Gizartean errotuta dauden jarrera matxisten adierazlerik lazgarrienak dira horrelako erasoak. Onartezinak direnak eta gure gizartean lekurik izan behar ez dutenak", gaineratu dute udal ordezkariek. Horregatik, ozen esan nahi izan dute Tolosak eta Zizurkilek ez dutela emakumeen kontrako erasorik onartzen, "ez eta onartuko ere". Eta gaineratu, "emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin behin betikoz amaitu behar dugu".

Bide horretan, "gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoa berresten dugu", azaldu dute. 

Herri bezala urrats garrantzitsuak egin dituztela esan dute, eta bide berari eutsi behar diotela indarrak batuz: "Kontzientziazio lana egiten, jai berdinzaleagoak sustatzen, indarkeria kasuak salatzen, horien prebentzioa sustatzen… berdintasun errealaren defentsan, emakume taldeak, talde feministak, herritarrak eta erakundeak bat eginda, elkarlanean. Guztion ardura delako indarkeria matxistarekin amaitzea". 

Gogorarazi dute, gaur, "eraso zehatz bat" salatzeko elkartu direla, baina emakumeen aurkako erasoak "asko eta mota askotakoak" izan ohi direla. 

Amaitzeko helburuak aipatu dituzte: "Horiekin guztiekin amaitzea, eta indarkeria jasan duten emakumeen erreparazioa bermatzea, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako".

Aipatutako udaletako ordezkariez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria ere Tolosan izan da. 

Itaiaren protesta, Zizurkilen

Ordu berean Tolosaldeko Itaiak ere elkarretaratzea egin du Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Emakume Sozialisten Sareak asteburuan Zizurkilen gertatutako eraso matxista salatu du.

"Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berresten du azken eraso honek, zein egunerokoan albiste diren beste hainbestek", esan dute Itaiatik. "Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma askotarikoak pairatzea", gehitu dute.

Emakume langileen egoera "zaurgarriaz" baliatuz erasoak etengabeak direla azpimarratu du sareak eta horrelako jarrerak ezkutatzea edota halako gertaeren aurrean gaitzespenik ez adieraztea erasotzaileen alde lerratzea dela esan du, "indarkeria matxista legitimatzea" eta "betikotzea" dela gehituz.

Tolosaldeko Itaiak indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak garatzea ezinbestekoa dela uste du, eta horretarako "erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatu" behar direla uste du. Itaiak bide horretan "gaitasun politikoak" antolatzen jarraituko duela esan du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du salaketarekin

Hilaren 18an Zizurkilen gertatutako bortizkeria matxista kasua "indar guztiz" salatu eta arbuiatu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldi berean, "elkartasun osoa eta babesa" eskaini nahi dizkie sexu erasoa pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagunei eta senitartekoei. 

Zizurkilgo Udalak aste honetan kaleratu duen adierazpenekin bat egin du foru aldundiak, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz. "Gizon eta emakumeen berdintasun eza dago halako erasoen oinarri-oinarrian, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", esan du. Horregatik, "beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra; pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urra ezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean", adierazi du.

Bizi den pandemia egoera honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, "inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten". Eta bukatzeko gehitu du: "Erakunde eta herritar oro gertu gaude edozein unetan haiek laguntzeko".

Elkarretaratzea, astelehenean

Erasorik ez, erantzunik gabe! lelopean elkarretaratzea deitu du Aiztondoko Mugimendu Feministak. Astelehenean, hilka 26, 19:30ean egingo dute Zizurkil Goiko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!