Tolosaldeak Euskal Herriko gainerako eskualdeek duten osasun arreta izan dezaten hamar urte daramatza Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak lanean, eta, gaur, beste behin, elkarretaratzea egin dute Tolosan.
Urte guzti horietan ekimen asko egin dituztela nabarmendu dute "herritarrak informatuta egoteko". Ez dute informazioa gutxi batzuen esku egotea nahi. Garrantzitsua iruditzen zaie herritarrak informatuta egotea, eta ahalik eta jende gehienen esku egotea egoeraren aurrean iritzia osatzen joan daitezen.
Tolosalderako proposatzen diren osasun proiektuei buruzko informazioan erabakiak hartu ahal izateko "benetako parte hartzea" exijitu dute, eta era berean, baita "erabateko gardentasuna" ere. "Erresoluzio handiko zentro bat, ospitalea jartzeko ustezko kokapen batzuk, hura egiteko plan funtzional bat... horrelako gauzei buruz ari dira, baina modu demokratikoan hartu nahi dugu parte osasun arreta hobetzeko. Ez dugu konformatu nahi ekintza burutuekin, atzerabiderik gabekoekin, litekeena da-eta herritarren osasun beharrei behar bezala erantzuteko modurik ez izatea", argitu dute.
Orain, Tolosaldeko 25 alkatek egindako proposamena onartzea erabaki dute, hau da, ospitale publiko berriaren gaineko lan mahaian parte hartuko dute. Helburuen artean parte hartzen jarraitzea dutela esan dute, eta baita beraien alea jartzea ere, "osasun arazo honi konponbidea bilatzen".
"Eskualdeko ospitale publiko berri bat egin behar badute, uste dugu beharrezkoa dela erabakiguneetan Tolosaldeko ordezkari politikoak, sindikatuak eta herritarrak egotea", azpimarratu dute TOPAtik. "Elkarrekin egin behar dugu lan, azken hogeita hamar urte honetan jasaten ari garen osasun egoera penagarri honi amaiera emateko".
Bukatzeko, lanean jarraituko dutela esan dute "benetako parte hartzea" lortzeko, eta "gardentasunaren" alde egiteko. Eta lortzen duten informazio guztiaren berri ematen jarraituko dutela.