Arrakastaz egin dute VI. Lanbide Heziketa Azoka

Ataria 2021eko apirilaren 23a

Tolosako Trianguloan, pandemiagatik mugatuta, baina modu presentzialean egin dute aurten azoka. Eskualdeko DBHko eta Batxilergoko 200 ikasle inguru gerturatu dira azokara.

Tolosaldean Lanbide Heziketa zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeek azoka antolatu dute, seigarrenez, Tolosako Trianguloan. 09:00etatik 14:00etara egon da zabalik azoka, baina eskualdeko ikastetxeetako DBH-ko eta batxilergoko ikasle gonbidatuentzat bakarrik. 200 inguru gerturatu dira gaur azokara.

Tolosaldea LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Fraisoro Eskola, Don Bosco LHII eta Peñascal Kooperatiba dira eskualdean Lanbide Heziketa zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeak eta azokan jarri dituzten postuetan gerturatu diren ikasleei argibideak eman dizkiete.

Orain arte, bi eguneko azoka izaten zen; aurten, ordea, ostiralera mugatu behar izan dute, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!