Ikaskeria osoaren hezkuntza sarbidea defendatu nahi dute Ikasle Abertzaleek

Ataria 2021eko apirilaren 22a

Sektore publikoan greba egiten ari dira gaur, EAE osoan. Tolosan, Ikasle Abertzaleek elkarretaratzea egin dute, kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa den hezkuntza eredua lortzeko.

Ikasle Abertzaleek hezkuntza eredu publikoa izaten ari den "debaluazioa" salatu eta hezkuntza sozialistaren "beharrezkotasuna" aldarrikatu dute goizean, Trianguloan egin duten elkarretaratze jendetsuan. Pankartan nabarmendu duten bezala, ikasleria osoaren hezkuntza sarbidea defendatu nahi dutela esan dute, "geroz eta ikasle gehiago ikasketa prozesutik kanpo geratzen ari delako".

Hezkuntza ereduak ikasle txiroenak ikasketak utzi behar izatea dakarrela salatu dute, eta argi esan dute antolakuntza komunistaren bidez, kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa den hezkuntza eredua lortu nahi dutela. Izan ere, Ikasle Abertzaleek "larritasun handiz" ikusten dute langile klasea hezkuntzatik "esponentzialki kanporatua" izateko arriskua. "Gaur egun ikasten gabiltzanok izango gara etorkizuneko belaunaldi pobre eta esplotatuena, egoerari ez badiogu aurre egiten".

Aurrera begirako zeregina zehaztu dute: "Ezinbestekoa izango da datozen urte gogorretan hezkuntza eredu publikoa defendatzea eta baita hezkuntza eredu burgesa iraultzea ere".  Bide horretan, ikasleriak "bere kabuz gaitasun politikoak irabaztea" lehenetsi behar dela esan dute, "ofentsiba burgesa bere adierazpenik gordinenean neutralizatzeko".

Gaurko elkarretaratzean, beste mobilizazio baten berri ere eman dute. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak deituta, manifestazioa egingo dute maiatzaren 1ean, 20:00etan, Triangulotik abiatuta, M1. Sozialismoaren aldarria berreskuratu dinamikarekin bat eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!