Azaroan, eskualdeko ospitalea eraikitzeko 13 kokaleku posible zehaztu zituen Tolosako udal gobernuak abiatutako azterketak. Urtarrilean, azterketa hori gehiago zehaztearen ondorioz, lau kokaleku egokienak definitu ziren. «Hortik, bigarren azterketa bat burutu behar zuela iragarri zuen Tolosako Udalak, kokaleku egokiena definitu asmoz», adierazi du Andu Martinez de Rituerto Tolosako EH Bilduko ordezkariak.
Tolosako alderdi politikotik adierazi dutenez, «azken berrien arabera eta gure harridurarako, martxoaren 24an, Osakidetzako Zuzendari Nagusiaren jakinarazpena jaso zuen Tolosako Udalak, ospitale berriarentzako kokapen egokiena Iruñea hiribideko aparkalekua (suhiltzaile etxearen aurrean eta Iurreamendi zaharren egoitzaren azpian dagoena) dela komunikatzeko. Lur zatiaren irisgarritasuna bikaina dela azpimarratzen zuten, bestelako irizpideak, hala nola, lurzoruaren problematikak, hirigintzako kudeaketa, aparkaleku aukerak eta bideragarritasun ekonomikoa, alde batera utzita».
Zentzu horretan, eta aurrez esan izan dutena berretsiz, Tolosako EH Bildutik «egoki» ikusten dute kokapen hau, «betiere, zehazten zaizkion baldintzak betetzen baditu». Ospitalea Tolosan kokatzea «interesgarria» izan daitekeela uste dute. «Hala ere, eskualdeko azpiegitura izanik, ezinbestekoa da kokapena ere, Tolosaldean eratu den Osasun Mahaian proposatzea. Guzti honen lanketan dabiltza gure eskualdeko 25 alkate eta hainbat eragile, eta zentzu honetan, alkate mugimenduan bat gehiago izan beharko luke Tolosako alkateak ere, hori izango baita tolosarrok merezi dugun kalitatezko osasun zerbitzua lortzeko modu bakarra».
Tolosako Udaleko oposizioko alderdiaren hitzetan, mugimendu horretatik kanpo geratzen dena, «herritarrei bizkar emanda» ari da egoera kudeatzen. «Elkarlan eta adostasunik gabe, ez da posible izango eskualdeak behar duen kalitatezko osasun arreta publiko, integral eta euskalduna bermatzea».
Tolosako EH Bilduren ustez, Tolosaldean, osasungintza publikoaren arloan dagoen hutsunea ez da soilik kokalekuari dagokiona. «Tolosaldearen beharrak aztertzeaz gain, balizko ospitale horren egitura zehaztu behar da. Era berean, Asuncion ospitaleko langileen etorkizuna bermatzeko, adostasunak bilatu beharko dira langileen ordezkariekin eta komitearekin, eta gauza bera egin beharko da ospitalearen kokalekuarekin ere».
Eskualde osoko herritarren onurarako, Tolosaldeak «ahots bateratua» izatea, «zentzuzkoena eta eraginkorrena» dela adierazi dute, «etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera elkarlanean hartzeko».