BABESTUTAKO EDUKIA

Hainbat udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 22a, 19:00

Eskualdeko 19 herritako udalek egin dute deia, Uemarekin elkarlanean; iaz eskualdean 7.804 pertsonak hautatu zuten euskara, aurreko urtean baino 83 gehiagok.

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Tolosaldeko 19 udalek, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin Uemak lortu nahi duena.

BADAGO ZER HOBETUA

Helburua beraz, argia da: 2020ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia heldu denez, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrei errenta aitorpena euskaraz egitera animatzea, «herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko», esan du Maier Ugartemendia Uemako teknikariak. «Izan ere, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik». Eskualdean gora egin du ere errenta aitorpena euskaraz egin dutenen kopuruak, baina badago zer hobetua; 2019an eskualdean 24.624 pertsonak egin zuten errenta aitorpena eta 7.721k aukeratu zuten euskara, eta iaz 24.823k egin zuten errenta aitorpena, 7.804k euskaraz.

Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da Uemarentzat, «euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat baita». Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere mankomunitateak, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainarekin, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

ARRAZOIAK

Ugartemendiak esan du errenta aitorpena euskaraz egitea oso garrantzitsua dela eta horretarako udalen ekarpena ezinbestekoa dela. «Administrazioa euskalduntzeko urrats bat gehiago delako da garrantzitsua, eta baita udalerri euskaldunetan, herritarrak kontzientziatzeko aukera ederra delako ere. Egunerokoan euskaraz aritu arren ohiko tramiteak gazteleraz egiteko ohitura alde batera utzi ahal izateko bide ematen du ere: erraza da, eta herriko egoera soziolinguistikoa islatzeko ahalegina da». Izan ere, gehitu du herriko egoera soziolinguistikoetatik urrun daudela oraindik ere datuak, azken urteotan, kanpaina hauei esker, ehunekoa goraka doan arren. Bukatzeko aipatu du administrazioari dagokiola herritarren eskubideak bermatzea. «Kasu honetan, urratsa eman dute erakunde publikoek eta orain herritarrei dagokigu erantzutea».

'OGASUNAREKIN EUSKARAZ'

Gaur egun, errenta aitorpen gehienak mekanizatuak dira lurralde gehienetan. Gipuzkoan iaz abiarazi zuen 100.000 zergadun Ogasunarekin euskaraz egitasmoari helduko dio aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen iaz eta, horren barruan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan.

Uemak ere, Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko.

 

7.804, EUSKARAZ EGINDAKOAK

Tolosaldean 24.823 pertsonak egin zuten iaz errenta aitorpena, eta horietatik 7.804 izan ziren euskaraz egin zutenak. Euskaraz egindakoen kopurua zortzi herritan baino ez da gaztelaniaz egindakoena baino handiagoa. Abaltzisketa, Amezketa, Berastegi, Elduain, Lizartza, Orexa, Orendain eta Gazteluko herritarren artean euskaraz egiteko hautua egin dutenak gehiago dira.


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!