Lurgatzek Zizurkilen izan den eraso matxista salatu du

Ataria 2021eko apirilaren 22a

Biktimari babesa eta laguntzeko prestutasuna adierazi diote talde feministatik.

Zizurkilgo Udalak ateratako idatziaren harira, Lurgatz talde feministak "argi eta ozen" salatu nahi izan du Zizurkilen jaso den indarkeria matxista. Honekin batera, babes osoa helarazi nahi izan dio biktimari eta edozeren aurrean laguntzeko prestutasuna adierazi diote emakumeari.

"Geuk babesa ematetik haratago, ezinbestekoa deritzogu jendarteak berak ere babestea; herritar ororen zeregina da biktimarekin bat egitea eta erasoen aurrean erantzun bat ematea. Noski, hor izango gara emakumeok lehen lerroan erasoen aurrean autodefentsa aldarrikatuz. Indarkeria matxista ez da egun bateko gertakaria eta zoritxarrez, emakumeok egunerokotasunean pairatzen ditugu erasoak" esan dute Lurgatz talde feministatik.

Ohar batean gaineratu duenez, "egunerokotasunean bizi dugun indarkeria sinbolikoa da erasotzailea, gizonezkoa, gertakari hauetara bideratzen duten muina. Eskuartean dituzten pribilegioek boterearen jabe direla sinestarazten die eta horri aurre egin behar diogu. Pribilegio horiek emakumeon eskubideen lepotik doaz eta ez dira inondik inora naturalak".

Azken eraso matxistaren harira Zizurkilen egon daitekeen mobilizazioarekin bat egingo duela jakinarazi du Lurgatzek. "Hortxe izango gaitu erasotzaileak gure eskubideak aldarrikatzen. Erasotzaileak ez ditugu onartuko ez Villabonan, ez Zizurkilen ezta beste inon ere. Gora autodefentsa feminista!"

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!