Iribar eta Larrarte, Laboral Kutxa taldean nabarmentzen

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 22a, 07:58

Unai Iribar irabazle Duranako proban. EUSKADI FUNDAZIOA

Unai Iribar ibartarrak Duranako proba irabazi du, eta Eukene Larrarte tolosarrak hamargarren egin du Valentzian jokatutako nazioarteko proban.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko Unai Iribar eta Eukene Larrarte txirrindulariek asteburu betea izan dute. Unai Iribar ibartarrak Duranako proba irabazi zuen igandean eta larunbatean zazpigarren helmugaratu zen Markina-Xemeingo proban. Eukene Larrartek, berriz, hamargarren postua lortu zuen igandean, Valentzian egindako nazioarteko proban.

Emaitza onak lortzen ari da Iribar afizionatuen denboraldi honetan. Asteburuan lortutako emaitzek Abiatzen Torneoaren sailkapenean bigarren postuan jarri dute, 74 punturekin, lehen postuan dagoen Imanol Alvarezetik (Lizarte) sei puntura. «Sailkapenean orain pentsatzea ez da garrantzitsuena. Lasterketak ondo egiten zentratzea da egokiena, emaitza onak lortuz, puntu gehiago lortuko dira, eta horrekin bestea eskutik etorriko da», esan du Iribarrek.

Duranako proban, Araban, gauzak ondo atera zitzaizkion Iribarri, irabaztea lortu zuelako. Orokorrean proba lasaia izan zen, eta Gatzaga mendatearen bigarren igoeran hiru txirrindularik ihes egin zuten, tartean Iribarrek. Ihesaldiari eutsi zioten eta euren artean jokatu zuten garaipena, ibartarrak irabaziz. Afizionatuen lehen urtean bigarren egin zuen, bigarren urtekoa zenean hirugarren, aurreko urtean proba bertan behera geratu zen, eta aurten falta zitzaion postua lortu du.

Larunbatean, Markina-Xemeingo proban ere ihesaldian izan zen Iribar, baina ezin izan zuten ihes eginda iritsi. «Irteeratik bost kilometrora mendate bat igo genuen, jaitsieran, seguru joateko ondo kokatu nintzen, eta nahigabe lau txirrindularik metro batzuk hartu genituen, eta ondo konpondu ginen. Bi kilometroren faltan harrapatu egin gintuzten», esan du Iribarrek. Atzetik zihoan tropelean 40 txirrindulari zeuden, eta Iribar ondo kokatu zen azken esprintean eta zazpigarren egitea lortu zuen. «Igandekoarekin baino larunbatekoarekin gusturago geratu nintzen. Lana ondo egitearen sentsazio hori izan zen. 100 kilometro ihes eginda joan, bi kilometroren faltan harrapatu, eta hala eta guztiz ere, esprinterako indar horiek izatea eta zazpigarren amaitzea, nik gehiago baloratzen dudan lana da».

Abiatzen Torneoko aurreko bi lasterketak ez ziren nahi bezala atera. Durangokoan erorikoa izan zuen Iribarrek azken kilometroetan, eta Amorebietako proban taldeak ez zuen parte hartu, kide batek positibo eman zuelako COVID-19ko test batean. Espainiako Koparen barruan sartzen den Balentziaga Memorialean parte hartu zuen orain gutxi ere, baina ez zen nahi bezala atera: «Denboraldi hasierako helburu bezala nuen markatuta, baina ez nuen nire egunik onena izan gorputzaren aldetik. Bukaera aldean ihes eginda egon nintzen, baina Arrate igotzen hasi baino lehen harrapatu ninduten atzetik nituenak».

TALDE BERRIA

Eukene Larrarte, Laboral Kutxa taldearen egonaldi batean. MARKEL BAZANBIDE

Eukene Larrartek denboraldi honetan taldez aldatu du eta UCI Women´s Continental Team mailakoa den Laboral Kutxan hasi da errepideko lasterketetako. Pistako modalitatean lehiatzeko Gipuzkoa Ogi Berri taldearekin jarraitzen du, eta talde honetako beste bi txirrindulari ere sartu dira berarekin batera Laboral Kutxan: Tania Calvo eta Garazi Estebez. «Aurreko urtean nengoen errepideko taldearen helburuak eta nire helburu pertsonalek ez zuten bat egin denboraldiaren erdialdera, eta uztea erabaki genuen», esan du Larrartek. «Ondoren Laboral Kutxa taldearen aukera iritsi zitzaidan. Talde polita ikusten nuen; egia da talde gaztea garela, esperientzia gutxikoa, baina gogo handiarekin gaude. Azken batean etxeko taldea da, eta hori nabaritzen da giroan eta baloreetan, eta horregatik erabaki nuen bertara joatea».

Valentziako Diputazioaren Sari Nagusian hamargarren postuan amaitu zuen Larrartek igandean. Nazioarteko partaidetza izan zuen probak, UCI Women´s Continental Team mailakoa izanik. «Etapa laua zen, eta gure apustua Tania Calvo zen, esprinter hutsa baita. Baina zorte txarra izan zuen, lasterketa hasieran matxura izan zuelako, eta azkenean erabaki zen ni izatea esprintean ariko zena». Erorikoa ere izan zuen lasterketan zehar, baina esprinta jokatu ahal izan zuen tolosarrak eta azkenean hamargarren izan zen. «Agian esprinta hobeto egiteko aukera banuen, baina pozik nago lortutakoarekin. Talde berria gara, eta garrantzitsua zen taldearentzat lehen hamar postuetan sartzea», esan du.

Valentziakoa denboraldiko bigarren proba izan zen, eta aurretik Nafarroan izan zuten lasterketa bat. Estatu mailako proba bat izan zen, aurreneko hamarretan sartu zen tolosarra, eta «pozik» dago bertan egindako lanarekin.

Pistari dagokionez, denboraldi honetan ez du aukerarik izan lehiatzeko, oraingoz egutegia hutsik geratu delako. Bere helburua Munduko Kopan, Europako Txapelketan eta Munduko Txapelketan parte hartzea da. Errepideari dagokionez, ahalik eta lasterketa gehienetan parte hartu eta esperientzia hartu nahi du tolosarrak, «pistan dudan nazioarteko mailara parekatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!