Eskualdeko bost herri eskuzkoan eta hiru gomazko paletan, Herriarteko Txapelketan

Ataria 2021eko apirilaren 21a

2019ko Herriarteko Txapelketan, Tolosa txapeldunorde izan zen gomazko paletan.

Eskuz Aduna, Alegia, Amezketa, Bidania-Goiatz eta Tolosa ariko dira lehian. Gomazko paletan, Amasa-Villabona, Anoeta eta Tolosa. Maiatzean hasiko dira bi modalitateak.

Aurreko urtean ez zen Herriarteko Txapelketarik egin, COVID-19aren inguruko neurriengatik, eta aurten berriro ere martxan jarri dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziotik. Lau modalitatetan jokatuko da, eskuz, gomazko paletan, pala motzez eta larruzko paletan eta zesta puntan, baina parte hartzen duten eskualdeko herriek lehen bietan ariko dira.

Zozketa ere egin dute, Internet bidez, eta eskuz final-zortzirenekin hasiko dira kanporaketak: Andoain-Tolosa, Alegia-Zestoa, Aduna-Ataun, Bidania-Goiatz-Amezketa, Aretxabaleta-Hernani, Oñati-Azpeitia, Bergara-Astigarraga eta Oiartzun-Azkoitia. Joaneko neurketa maiatzaren 16an jokatuko da eta itzulerakoa maiatzaren 23an. Gomazko paletan final-zortzirenetan sartuko dira eskualdeko herriak, eta aurreko data berberetan jokatuko dira joaneko eta itzulerako neurketak. Hauek izango dira kanporaketak: Azpeitia-Tolosa, Amasa-Villabona-Anoeta, Errenteria-Azkoitia, Soraluze eta Zumarraga arteko irabazlea-Hernani, Aia-Astigarraga, Mutriku-Donostia, Zestoa eta Deba arteko irabazlea-Andoain eta Zarautz-Orio. Azkeneko txapelketan, 2019an, Tolosa txapeldunorde izan zen gomazko paletan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!