Jon Kepa Kortajarena bosgarren izan da Espainiakoan

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 21a, 19:58

Danok Danena halterofilia taldeko Jon Kepa Kortajarena pultsulariaren lehen parte hartzea izan da Espainiako Txapelketan junior mailan.

Danok Danena halterofilia taldea murgildu da lehiaketetan, eta asteburu honetan bertako pultsularia den Jon Kepa Kortajarenak bosgarren postua lortu du junior mailan Espainiako Txapelketan. «Ez zuen zorte ona izan», esan du Batis Kortajarena entrenatzaileak.

Bederatzietan hasi behar zuen bere saioa, eta ordurako egin zituen bere beroketak, baina arazo teknikoak zirela-eta ordu erdi atzeratu zen. «Jon Kepa prest zegoen ateratzeko eta azkenean nahasketa horrek eragin zion, eta ez zuen asmatu», esan du Kortajarenak. Laugarren marka onenarekin sailkatu zen txapelketara joateko eta hirugarren postua lortzeko aukera zuen. «Arriskatu genuen, eta ez zen nahi bezala atera».

Bost pultsularik bakarrik parte hartzen zuten pisu bakoitzean, baina kontuan izan behar da bere meritua izan duela Espainiako Txapelketara sailkatuz. Aurten lehenengo urtea du junior mailan Kortajarenak, eta gainera pisuz igo da, 55 kilotatik 61 kilotara, eta horrek ere erronka handiagoa suposatzen du.

SAIOAK OLAEDERRAN

Denboraldiari hasiera martxoaren lehen asteburuan eman zion taldeak, Villabonako Olaederra kiroldegian, goiz zein arratsaldeko saioak eginez. Batetik, Espainiako Ligari begira aritu ziren. Gizonezkoen ohorezko mailan zazpigarren dago Danok Danena. B taldearekin ere lehiatzen dira gizonezkoetan, bigarren mailan, eta seigarren postuan dago. Emakumezkoetan seigarren postuan daude lehen mailan. Ligaren hasiera dela kontuan hartuta, hobetzeko aukera dugu», esan du entrenatzaileak.

Egun horretan ere senior mailako taldekako Euskadiko Txapelketa egin zuten. Gipuzkoako bi selekzioak, bai gizonezkoa zein emakumezkoa, Danok Danena taldeko kideekin osatu ziren, eta biak izan ziren garaile. Gizonezkoetan Mikel Alvarez, Ekaitz Kortajarena, Igor Sasiain, Gorka Enjilo eta Jon Ander Iriartek parte hartu zuten, eta Mikel Alvarez izan zen onena. Emakumezkoetan Susana Davila, Alazne Gomez, Naiara Madrid, Nalu Herranz eta Elena Mangasek parte hartu zuten, eta Susana Davila izan zen onena.

Larunbat honetan izango da halterofilia txapelketa berriro ere Olaederra kiroldegian. Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan eta 53 pultsularik parte hartuko dute, horietatik erdiak Danok Danena taldekoak eta besteak Zarauzko eta Irungo taldeetakoak. Gipuzkoako Txapelketa jokatzeaz gain, Espainiako Ligaren bigarren jardunaldia egiteko baliatuko dute.

Argazkiak martxoaren hasieran Villabonako Olaederra kiroldegian egindako saiokoak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!