Ekonomia zirkularra edota berrikuntza sustatzeko diru laguntzak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 22a, 11:00

SPRIk eta IHOBEk hiru diru laguntza lerro aurkeztu dituzte; kudeaketa hobetzea, negozio ereduak egokitzea edota gazte enplegua sustatzea dute helburu, besteak beste.

SPRI Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak ekonomia zirkularra, berrikuntza, parte hartzea, kudeaketa edo negozio ereduen egokitzea sustatzea helburu duten hiru diru laguntza zabaldu dituzte.

Innobideak 2021 izenekoa berrikuntza, kudeaketaren hobekuntza, pertsonen parte hartzea, negozio ereduak egokitzea edo dimentsioa indartzea xede duten proiektuei babesa emateko laguntza da.

Hiru lerro ditu: Innobideak Lehiabide,
 produktuan, prozesuan, merkatuan eta antolakuntzan berritzeko eta negozio-eredu berriak garatzeko proiektuak aurrera emateko; Innobideak Kudeabide
, kudeaketa aurreratuko metodologia, tresna eta printzipioak ezartzeko; eta Innobideak Pertsonak
, langileen parte hartzea medio, gardentasun, konfiantza, ekitate, egonkortasun eta barneko lankidetza handiagoan oinarritutako enpresa-ereduak garatzeko.

25.000 euroko laguntzak dira, edo gastuen %60ko laguntza (Innobideak Lehiabide lerroan laguntza 35.000 eurora igo daiteke berrikuntza oso garrantzitsua denean), eta eskaera egiteko epea 2021eko irailaren 23an amaitzen da, edo diru funtsa agortzen denean.

Bestalde, Lortu 2021 izeneko diru laguntzak industria produktu eta prozesuekin lotutako zerbitzuen kanpoko laguntza profesionala eskaintzea du helburu, birfinantzaketa prozesu bat egin ahal izateko, enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik abiatuta, enpresaren jarraipena eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzan. 30.000 euroko laguntzak dira, edo gastuen %80ko laguntza, eta eskaera egiteko epea 2021eko irailaren 15ean amaitzen da, edo bestela, diru funtsa amaitzen denean. 
Informazio gehiagorako, spri.eus-en sar daiteke.

Hirugarren diru laguntza Circular Berrindartzea 2021 da, eta enpresa txiki eta ertainen prestakuntza hobetzea du xede, ekonomia zirkularrak planteatzen dituen erronken aurrean, eta baita gazte enplegua sustatzea. Unibertsitateko edo LH2ko titulazioa duten ikasle praktikak egitean datza, ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza aditua jaso eta gero. Bertan, bide-orri bat inplementatu, enpresa ekonomia zirkularraren alorrean jarduteko, aukerak detektatzeaz eta haren lehiakortasuna hobetzeaz batera. Eskaera ostirala, hilak 23a baino lehen egin beharko da, eta informazio gehiago ihobe.eus-en eskura daiteke.


Laguntza planari buruzko informazio saioa, Lehiberrin

SPRIk enpresa txiki eta ertainentzat aurten bideratuko dituen diru laguntzen plana azalduko du Lehiberri zentroan, maiatzaren 6an, goizean egingo den ekitaldian. I+G+B, teknologia, eraldaketa digitala, ekintzailetza, industria-garapena, nazioartekotzea, trantsizio energetikoa, ekonomia zirkularra, ingurumena, elikagaien industria, bioekonomia eta zurgintza alorretan martxan dauden edo jarriko diren laguntzen inguruan hitz egingo dute. Besteak beste, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelai izango da ekitaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!