Tolosaldeko hainbat herritara iritsiko da Kutxa Bira egitasmoa

Ataria 2021ko api. 22a, 12:19

Kutxa Bira egitasmoaren hasiera, martxoaren 20an, Argentinan. Iturria: Iparra Hegoa

Iparra Hegoak antolatu du, eta euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen «galera emozionalak» konpentsatzea du helburu.

Barruan euskarari lotutako hainbat mezu izango dituen kutxa batek herriz herri ibilbide bat egitea. Horixe da Kutxa Bira ekinbidearen funtsa. Carmen de Patagonesen (Argentina) hasi zen ibilbidea eta Euskal Herriko eta diasporako 70 bat herritatik igaroko da, maiatzaren 30ean Seguran amaitu arte. Tolosaldean ere izango da Kutxa Bira. Bihar Aduna eta Iruran izango da eta larunbatean Ibarran.

Herriz herriko aldarrikapenez gainera, Euskal Herri osoari zuzenduko zaion Hitza da gure lurra testua dago kutxan. Amets Arzallus bertsolariak idatzi du mezu orokor hori, eta herri guztietan irakurtzen dute. «Hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deitu dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea», azaldu du Arzallusek, besteak beste, testuan. Horrez gainera, bukaerako ekitaldian, parte hartu duten herri guztien ametsak plazaratuko dituzte.

Iparra Hegoa elkarteak 26 urte daramatza euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizten eta sendotzen. Hala ere, antolatzaileek argi dute Kutxa Birak ez duela urteetan iraungo: «Datorren urtean gure ohiko formatura itzultzea da helburua; izan ere, gure herria oso aberatsa da festa eredu propioa duten ekitaldiak antolatzen, eta ez dugu beste baten beharrik ikusten». Hortaz, osasun krisiak eragindako egoerari erantzuteko sortu den egitasmo bat da: «Ez dugu errepikatzeko asmorik».

Urterik urte haziz joan da Iparra Hegoa elkarteak antolatzen duen ekitaldi kulturala. Izan ere, oihartzun nagusia Segurako Euskal Asteak hartu badu ere, lurralde osoko euskaldunen eta elkarteen arteko harremanak saretzen aritu dira Iparra Hegoa elkarteko kideak. 

Horrez gainera, azken urteetan Baionako Bernat Etxepareko ikasleak ere bete-betean murgildu dira elkartearen dinamikan. «Egunpasa gisa abiatu zen ekitaldi kultural hura ia bi hilabetera luzatu zen duela bi urte. Indarra hartzen ari gara, eta hori oso aberasgarria da».

 

HITZORDUAK

  • Aduna. Bihar 15:15ean emango diote ongi etorria Kutxa Birari, plazan.
  • Irura. Harrera eta ekitaldia bihar, 17:30ean plazan.
  • Ibarra. Ekitaldia egingo dute larunbatean, 11:00etan, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!