BABESTUTAKO EDUKIA

«Betidanik gustatu izan zaizkidan gaiak ari naiz ikasten»

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 21a, 14:00

Basogintzako goi mailako zikloa ari da egiten Ekaitz Lukanbio Fraisoro eskolan.

Zergatik erabaki zenuen Lanbide Heziketa egitea?

Lanbide Heziketa egitea erabaki nuen, batik bat gustuko ikasketa batean oinarritu nahi nuelako eta lantokietan edukitzen diren esperientziak ezagutu ahal izateko.

Zer moduz Dual prestakuntzan/praktiketan/ ikasten ari zaren zikloan? Zail egiten ari al zaizu?

Nere kasuan, Dual prestakuntza bidez ikasteko aukera ez dut izan, baina gelakide baten hitzak entzunda, oso gustura ibili zela esan zidan, bai eskolan zein lantokian. Lorazaintzako bigarren urtea amaitzeko praktikak Viveros Urkiondon egin nituen. Tamalez, bi aste neramatzan bertan praktikak egiten, COVID-19 ren kontua hasi zenean Euskal Herrian. Orduan, abisua pasa ziguten bertan behera geldituko zirela praktika horiek. Egoera lasaitu zenean, maiatza inguruan, kurtsoa amaitu ahal izateko, nire lehen lan kontratua egiteko aukera eman zidan Gureak enpresak. Lan esperientzia bikaina jasotzeaz gain, lan mundua gertutik ezagutzea lortu nuen. Aurten Basogintzako goi mailako zikloan nago Fraisoro eskolan. Betidanik gustatu izan zaizkidan gaiak ikasten ari naiz orain eta Lanbide Heziketan sartzeko arrazoi nagusienetako bat, ziklo hau ikasi nahi nuelako izan zen. Azpimarratzekoa da eduki dudan zortea gelakide, taldekide eta irakasle taldearekin, egunerokoan elkarren artean laguntzeaz gain, denbora gutxian harreman sendo eta polita egin baitugu.

Zer esango zenuke Lanbide Heziketari buruz?

Aukera ezin hobea dela ikusten dut lan munduan gehiago murgildu nahi duenarentzat. Esperientzia lortzeaz gain, gustatzen zaizkizun ikasketak egin ditzakezulako. Lan kontratu bat lortzeko interesa duenarentzat, bide egokia da, lantokiekin harreman zuzena edukitzen baita.

Gustura al zaude aukerarekin eta lortu duzunarekin?

Oso gustura nago aukeratu dudan bidearekin eta bertan eduki dudan esperientziarekin. Espero dut kurtso hau ongi amaitzea eta datorren urteari begira, taldekide zein irakasleekin berdin joatea eta kurtso amaieran praktika baliagarri zein esperientzi onekoak izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!