Lanpostu publikoak egonkortzea eskatuko dute biharko greban

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 21a, 11:59
Joan den abenduan bi greba egun egin zituzten ELAk eta LABek deituta Gipuzkoako zahar etxeetan

Erakunde publikoetako langileen %40k behin-behineko baldintzetan dihardutela salatu dute sindikatuek; Ikasle Abertzaleek mobilizazioa egingo dute gaur Tolosan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publiko guztiak grebara deituak daude biharko. Martxoaren 1ean lanuztea egiteko asmoaren berri eman zuten sindikatuek, eta, behin-behinean dauden langile publikoen egoerari buruz hitz egiteko deirik jaso ez zutenez, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek greba deialdi ofiziala erregistratu zuten apirila hasieran. Behin-behinekotasun tasa %40tik gorakoa dela diote, guztira 60.000 langile ingururi eragiten diela, eta sektore publikoko arlo eta maila guztietan gertatzen dela: udaletan, aldundietan, Osakidetzan, hezkuntzan...

ELA sindikatuak emandako datuen arabera, Osakidetzan behin-behineko 15.000 langile daude, hezkuntzako arlo batzuetan %70etik gorakoa da tasa, administrazio orokorrean %45ekoa da, eta udal batzuetan langileen hiru laurdenak aldi baterako kontratuarekin daude. LAB sindikatuak, bere aldetik, «negoziazio kolektiboa» aktibatzeko eskatu die erakundeei, «aldebakartasuna» uzteko, eta aitzakiarik ez jartzeko: «Jaurlaritza mugitu egin behar da arazo hau konpontzeko. Bukatu da Madrilera begira egotearena. Bukatu da epaitegien zain egotearena. Arazoa hemen dugu eta hemen konpondu behar dugu. LABen garbi dugu lege propioak behar ditugula horretarako»».

Azken hilabeteetan hainbat lanuzte antolatu dituzte. Martxoaren 4an zaintza sektoreko greba egin zuten, arlo publikoan zein pribatuan, eta iazko irailaren 15ean hezkuntzan, ikasturtea hasi eta berehala. Pandemian protesta gehien egin duen erakunde publikoa, dena den, Osakidetza izan da. Iazko urrian eta azaroan egun bakarreko greba deialdiak egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lanuzte orokorra urtarrilaren 28an.

GAUR ELKARRETARATZEA

Ikasle Abertzaleak antolakundeak kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua aldarrikatuko du gaurko grebaren harira antolatutako mobilizazioetan. Trianguloan egingo dute gaur protesta, 11:00etan, Langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu lelopean.

Ikasleriak bere gaitasun politikoak irabaztea da lehenetsi nahi dutena Ikasle Abertzaleek, «ofentsiba burgesa bere adierazpenik gordinenean neutralizatzeko beharrezko baldintza baita».

Gazte antolakundeak «larritasun handiz» ikusten du langile klasea hezkuntzatik kanporatua izateko arriskua, alegia, «burgesiaren ofentsibaren ondorio izaten ari den pribatizazioak sor dezakeen segregazioaren handitzea». Ikasle Abertzaleak taldearen ustez, «pobreagoa eta otzanagoa izango den langileriaren eraikuntzak, hezkuntzak duen eginkizun determinantea agerian geratzen ari da. Inplizituki ikasketa prozesu kapitalista jokoz kanpo uzten ari da ikasleriaren sektorerik proletarizatuena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!