BABESTUTAKO EDUKIA

«Oso gustura sentitzen naiz egin dudan aukeraketagatik»

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 20a, 14:00

Erdi mailako erizain laguntzaile zikloa egin ostean, egun goi mailako Osasun Dokumentazio eta Administrazio gradua ari da egiten Naroa Zugarramurdi Zubieta, Inmakulada Lanbide Ikastolan.

Zergatik erabaki zenuen Lanbide Heziketako ikasketak egitea?

Argi nuen erdi mailako ziklo bat egin nahi nuela, erizain laguntzailea, hain zuzen ere. Zergatik? Etxean ezintasun handiko pertsonak izan ditut ondoan, eta txikitatik beraiei laguntzea gustatu izan zait; txikitatik lagundu diet jaten, eguneroko garbiketak egiten, mugitzen... beraz, beraiei ematen nien laguntza gainerakoei ere eskaini nahi nien, eta zer hobeto erdi mailako erizain laguntzaile zikloa baino. Gainera, nire ahizpa zaharrak ere berdina ikasi zuen, eta berak nire gustukoa izango zela eta asko balio nuela esanez animatu ninduen. Bizipen guztiak barruan gordetzen ditut, guztiak izan direlako bereziak, orduan konturatu nintzen nire ametsa erizain izatea zela, nahiz eta bidea luzeagoa izan, bizitako momentu goxo nahiz mikatz guztiak gorde eta unibertsitateko bidea irekitzeko unea zela ohartu nintzen. Behin erdi maila eginda, 2019 urteko irailean goi mailako zikloari ekin nion, baita ere TILIko instalazioetan. Nik hautatutako zikloa Osasun Dokumentazio eta Administrazioko gradua izan zen, gaur egun amaitzen ari naizen zikloa.

Zer moduz praktiketan? Lan aukerarik izango duzula uste al duzu? Zikloari esker lanean ari al zara?

Besteei laguntzea benetan gustatzen zaidala praktiketan konturatu nintzen. Erizain Laguntzaile praktikak Matia Fundazioko Berminghan ospitalean egiteko aukera izan nuen, irailetik abendura bitarte, hiru hilabetez. Egunero gauza berriak ikasten nituen, esperientzia berriak, egoera bereziak... Hasieratik zaintza aringarrietako unitatean egon nintzen, beste zerbitzuak batzuetan ukitu nituen baina batik bat unitate horretan egon naiz, izan ere, lanean ere bertan egon naiz eta bertan jarraitzen dut udan, Gabonetan…

Egin ditudan bi zikloak oso ezberdinak dira, baina biekin asko ikasteko aukera izan dut eta nolabait oraindik ikasten jarraitzen dut, izan ere, goi mailako zikloari amaiera emateko praktiketan ari naiz Donostiako Onkologikoan. Erizain laguntzaileko praktiketan bezala, hemen ere momentu ezberdin asko bizitzen ari naiz, esperientzia oso onak, jende oso jatorra eta profesional oso onekin lankidetzan lan egiteko aukera izaten ari naiz.

Hasieran praktiketan hasi nintzenean ez nuen lan esperientziarik, dena nolabait esateko berria zen, eta nire buruari erronkak jarriz eta hauek aurrera eramanez pertsona bezala asko aldatu naizela uste dut, jarrera aldetik, bizitza ikusteko beste moduagatik edo ez dakit, baina bizipen hauek guztiak, pertsonalki asko aberastu naute.

Pandemia garaian gaude. Osasun zikloak egin dituzu; lanean edota boluntario gisa aritzeko aukera izan al duzu? Zergatik boluntariotza? Nola lotzen duzu zure formazioarekin?

Goi mailako zikloa hasi nuenean, beste etapa bati ekin nion. Zoritxarrez, martxoan ikasketak erabat aldatu zitzaizkigun, izan ere, etxetik hasi ginen klaseak jarraitzen, oraindik bizitzen ari garen pandemia honen hasiera baitzen. Zahar egoitzetan birusak gogor jo zuen eta 2020ko martxoaren 20 inguruan, ikastolatik egoera kritikoan zeuden zahar egoitzei laguntzeko eskaera luzatu ziguten; bertan, boluntario bezala aurkeztu nintzen, eta Iurreamendi adinekoen egoitzan hasi nintzen lanean. Bertan, martxotik abuztura bitarte egoteko aukera izan dut. Niretzat dena berria zen, lehenengo aldiz sartu nintzen zahar egoitza batean eta guztia oso ezberdina da, ospitalean ohituta nengoen baina nire buruari erronka berri bat jarri behar izan nion eta bertako jarduerei aurre egin. Oso gogorra izan zen niretzat, fisikoki baino gehiago, esan dezaket psikologikoki oso nekagarria izan zela, pandemia hasiera zen, ezin ginen etxetik atera, egoiliarrek ere arau zorrotzak jarraitu behar zituzten, profesionalok ere jarraibide zorrotzak genituen… Esperientzia berria izan da niretzat, oso gustura egon naiz bertako egoiliar nahiz langileekin, oso talde ona sortzen genuen. Berriro ere aukera izango banu boluntariotzan aurkeztuko nintzateke, oso aberasgarria izan zen niretzat, gauza berri asko ikasteko aukera izan nuen, beldurra, ezjakintasuna, emozio ezberdinak... kontrolatzeko aukera ere izan nuelako.

Gustura al zaude egindako aukerarekin eta lortu duzunarekin?

Amaitzeko, esan dezaket, oso gustura sentitzen naizela egindako aukeraketarekin, eta nola ez lortu dudan guztiagatik. Uste dut berriro ere aukera izango banu aukeraketa berdina egingo nukeela, izan ere, lan esperientzia handia lortzeko aukera izan dut 20 urte besterik ez ditudala, eta pertsona bezala asko ikasi dudalako, alde batetik nire emozioak kontrolatzen, egoera ezberdinetatik aurrera jarraitzen, bizitza baloratzen ere agian bai. Orain, nire ametsak lortzen jarraitzea tokatzen zait, pertsonei laguntzen jarraituko dut, familiakoei goxotasun guztia ematen eta nola ez, ea erizain izatera iristen naizen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!