Peñak lehen puntua lortu du, eta Altunak porrot mingarria

Ataria 2021ko api. 20a, 10:55

Jon Ander Albisu eta Jon Ander Peña, sailkapen ligako partida batean.

Peñak eta Albisuk 17-22 irabazi diote Ezkurdia eta Galartzari finalerdien lehen partidan. Elezkano eta Zabaleta 22-7 gailendu zaie Altuna eta Mariezkurrenari.

Binakako Pilota Txapelketaren finalerdietako ligaxkaren lehen jardunaldian eskualdeko pilotariek txanponaren bi aurpegiak jaso dituzte. Peña II.ak eta Albisuk 17-22 irabazi diote Ezkurdia eta Ladis Galartzari, lehen puntua eskuratuz. Altuna III.ak eta Mariezkurrena II.ak jipoia jaso dute, 22-7 galduz Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka.

Pozik azaldu zen Peña tolosarra ETBko mikrofonoen aurrean, partidaren ondoren: «Horrelako partidetan irabaztea garrantzitsua da. Gure partidarik onena ez da izan, baina beraiek baino pixka bat serioago aritu gara, gutxiago galdu dugu eta gustura gaude». Aurkariek partida «abiadura izugarrian» hasi zutela esan zuen Peñak: «Nahikoa egin genuen eustearekin bakarrik. Sartzen zen bakoitzean Josebak min handia egiten zuen, eta Ladisek ere oso atzean jarri du pilota, baina gero pixka bat gogortu dugu partida eta gure aldera ekarri dugu. Partidaren erdialdean oso tanto onak egin ditugu bion partetik, eta aurreratu eta lortutako abantailak balio izan digu gero 22ra iristeko».

Lehen finalerdiak jokatzen ari da Peña eta oso gustura agertu zen lortutako garaipenarekin. Horrela jokatuz gero txapelaren borrokan egon daitezkeela galdetuta, «hori gauza handia» izango litzatekeela erantzun zuen. «Gu gustura ari gara, ondo ari gara funtzionatzen, ondo lehiatzen ari gara, baina txapelarekin baino hurrengo partidarekin zentratu behar dugu».

Altunaren partidan, Zabaleta ohi bezain ahaltsu aritu zen, Mariezkurrenak pilota asko galdu zituen eta Altunak ez zuen ohi bezala asmatu jokoan sartzen. Altunak ETBn azaldu zuenez, «beraiek bikote handia egin dute, gu ez gara kantxan sartu ere egin, eta partida batzuetan markagailuak ez du esaten gertatu dena, baina gaur bai. Zazpi tantorekin bukatu dugu eta eskerrik asko esan dezakegu».

Zabaletak bigarren partean «sekulako pilotakadak» jo zituela esan zuen Altunak, «baina lehenengo zatian tanto oso motzak izan dira, eta ez dute asko egin behar izan. Gu pixka bat gerturatu garenean beraien opariengatik izan da. Erraztasun handiak eman dizkiegu, eta bigarren partean, soltatu direnean, Zabaletak sekulako pilotakadak jo ditu eta hor ez zegoen ezer egiterik». Amezketarrak garbi du bikote horri eta beste edozeini aurre egiteko, ezin dutela larunbatean bezala partidara sartu: «Txapelketan normalean ondo sartu gara partidetara, baina gaur desastre joan da. Orain honi buelta eman behar diogu, eta ahaztu ahal den azkarren». Mariezkurrenarentzat lehen finalerdiak dira, eta gogo biziz zegoela jokatzeko azaldu zuen Altunak: «Batzuetan gogo handi horrek kontrako efektua egiten du, eta hasieran azkarregi botatzen zion kolpea, eta gero ni laguntzen hasi naizenean ez nuen asmatzen pilota kentzen. Guk gurea egin behar genuen ondo; ez dugu egin, eta horregatik eman digute egurra».

Finalerdietan bigarren partida izaten dela garrantzitsuena esan zuen Altunak, eta hurrengo asteburua beraientzako hil ala bizikoa izango da. «Egunean eguneko lanak ondo egin, dena ematen saiatu, eta ea azkeneko jardunaldira bizirik iristen garen», zehaztu zuen Amezketako aurrelariak.

Bigarren jardunaldian, lehen jardunaldiko galtzaileek euren aurka jokatuko dute, eta irabazleak elkarren aurka ariko dira. Beraz, larunbatean, Ezkurdia eta Ladis Galartza bikoteak Altuna eta Mariezkurrena izango ditu aurrean. Igandean, Elezkano eta Zabaletaren eta Peña eta Albisuren arteko partidaren txanda izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!