50.000 euroko ekarpena, energia berriztagarriak bultzatzeko

Ataria 2021eko apirilaren 19a

Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, hitzarmenaren sinadura ekitaldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak 400.000 euro bideratuko ditu eskualdeetako energia planak bultzatu, energia pobreziari aurre egiten lagundu eta energia eredu jasangarriagoa sustatzeko. Horretarako hitzarmena sinatu du lurraldeko hainbat garapen agentziarekin, tartean Tolosaldea Garatzenekin.

Eskualdeko garapen agentziak 50.000 euro jasoko ditu Tolosaldeko energia eta elektromugikortasuna sustatzeko proiektua sustatzeko. Foru Aldundiak esan du, era berean, Tolosaldea, Debabarrena, Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek ahaleginak egingo dituztela Euskadiko Energia Jasangarritasunaren Legea betetzeko.

Tolosaldeko Energia Planak berriki jaso du oniritzia, eta Tolosaldea Garatzenek berehala emango du xehetasun guztien berri. Hain zuzen, eskualdeko energia eta elektromugikortasuna sustatzea dira planaren zutabe nagusiak.

Hitzarmenaren helburuak

Foru Aldundiak esan du hitzarmenaren helburua dela iraunkortasun energetikorako estrategia komun bat bultzatzea, Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murriztea eta honi aurrea hartzen laguntzea. Energiarekiko mendekotasun txikiagoa izaten eta CO2 gutxiago aireratzen laguntzea ere badira hitzarmenaren helburuak. "Beharrezkoa da tokiko edo eskualdeko ekintza plana jaistea, kontsumo puntuetatik, autokontsumorako iturri berriztagarrien kokalekutik eta pertsonengandik hurbil dauden erakundeen bidez lan eginez", esan du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!