Miarritzeko erailketa matxista salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 16a, 20:05

Gizonezko batek tiroz hil zuen emakumea atzo, Miarritzen. Erailketa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Aiztondon eta Anoetan.

Aiztondoko Mugimendu Feministak deituta, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian egin dute, Indarkeria matxistarik ez lelopean. Matraka talde feministak deituta, Anoetako plazan egin dute, Beste emakume bat eraila Miarritzen, autodefentsa feminista lelopean. Tolosako Asanblada Feministak biharko jarri du hitzordua, 13:00etan, Trianguloan.

Honako testua irakurri du Aiztondoko Mugimendu Feministak:

"Gaur, atzo Miarritzen gertatutakoa salatzeko elkartu gara, bere gizonak eraildako emakumea
gogoan izateko. Honekin, 2003tik 110 izan dira eraildakoak.

Aiztondoko mugimendu feministatik beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure mundu honetan. Inor ez da arduratzen berataz baina gizartearen erdiari eragiten digu zuzenean eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko. Feminismoa da daukagun antidoto bakarra eta gizarte guztian zabaltzen saiatuko gara.

Bizi dugun osasun krisi honetan biltzeko eta harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago ditugu. Hala era, mugimendu feministatik badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeria sexistari aurre egiteko, modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra galdu.

Aurten ere ozen esango dugu nazkatuta gaudela erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu.

Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte.

Gora borroka feminista!"

Matraka talde feministak ondoko testua irakurri zuen elkarretaratzearen ondoren:

"Lehenik eta behin, eskerrik asko elkarretaratze honetara gerturatu zareten guztioi. 

Atzo goizean izan genuen albiste latzaren berri: gizon batek emakume bat tiroz hil zuen Miarritzen. Tamalez, beste bat esan genion gure buruari, beste emakume bat indarkeria matxistaren ondorioz eraila, beste bat zerrendara gehitua. Dagoeneko hiru dira 2021. urtean sistema kapitalista patriarkalak Euskal Herrian erail dituen emakumeak; gogoan ditugu baita Aintzane Pujana eta Conchi Gonzalez ere, eta zerrendara gehi genitzakeen beste milaka emakume. 

Matraka taldeko kideok gogor salatzen dugu erailketa hau, eta ozen esan nahi dugu nazkatuta gaudela. Nazkatuta erailketa matxistak behin eta berriro salatzeaz, erasoak jasateaz, gutxietsiak sentitzeaz, beldurra sentitzeaz.

Erasoei aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dugu autodefentsa feminista; emakumeak prest gaude edozein erasori aurre egiteko, emakumeen arteko sareak eraikiz, zapalkuntza egoerei aurre egiteko gai garela erakutsi dugu. Hala ere, emakumeona ez ezik, herritar guztion parte hartzea ere ezinbestekoa da bide honetan, eta guztion betebeharra da erasoei erantzutea.

Askotan esan dugu, sistema kapitalista patriarkalak emakume otzanak behar dituela, esanekoak, ahulak, eta horretarako, ezinbestekoa du indarkeria. Gu, ordea, ez gaude geldirik egoteko prest. Batu zaitez antolakuntza feministara, eta batu zaitez borroka feministara. 

Erailketa matxistarik ez! Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!