Jarduera sorta zabala, garapen agentziaren eskutik

Ataria 2021ko api. 16a, 18:00

Tolosaldea Garatzenek hainbat ekitaldi antolatu ditu datorren asterako, lehenengoa astelehenean bertan izango da; Turismo sailak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu du.

Tolosaldea Garatzenek hainbat hitzordu jarri ditu astelehenetik ostegunera bitarte. Astelehenekoa turismo sektoreko eragile eta erakundeei dago zuzendua eta online egingo dute. Turismo sailaren eskutik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismoko Plan Estrategikoa aurkeztuko diete. Zehazki, planaren diagnostikoaren datuak eskualdeka aztertu dituzte eta Tolosaldeak turismoan izan duen bilakaera eta egoera ezagutzeko aukera emango du, estrategia lehen eskutik ezagutzeaz gain. Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria eta Jon Elzo sortzailea izango dira aurkezpenean. Itxiera perimetralaren eta azken neurrien ondorioz online eskainiko dute eta izena eman behar da.
 
Asteartean, hilak 21, Mugak: joan ziren emakumeak, iristen diren emakumeak bi eguneko ikastaroa egongo da Tolosako Jabetze Eskolaren barruan eta Aniztasun sailaren barruan. Euskal emakumeek gerra zibilean eta frankismoan izan zituzten erbesteratze-prozesuak jorratuko dituzte eta aurrez eman behar da izena.
 
Asteartean eta Ekintzailetza sailak bideratuta, negozioa bide jasangarritik emateko Ekonomia Sozial eta Solidarioan Ekiteko Eskuliburua aurkeztuko dute tailer batean. Begirada Sozialarekin ekiten: Zure negozioaren inpaktu positiboa izena du eta Mugarik Gabeko Ekonomialariak elkartearekin batera antolatu dute. Aurrez eman behar da izena.
 
Bukatzeko apirilaren 22an talde lana hobetzeko, taldeak koordinatzeko eta gaitasun sozio-ekonomikoak garatzeko jarraibideak emateko Team Building,  nola sortu talde eraginkorrak tailerra eskainiko du Enpresa sailak. Lehiberri Eskolaren barruko ikastaroa da eta aurrez eman behar da izena.
 
Tolosaldea Garatzenek gogoratu du era berean, gaur zortzi, apirilaren 23an, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren lan batzuk ikusteko aukera izango dela Anoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!