Miarritzeko erailketa salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 16a, 11:57

Gizonezko batek tiroz hil zuen emakumea atzo, Miarritzen. Erailketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte eskualdean; gaur Aiztondon eta Anoetan, eta bihar Tolosan.

Gizonezko batek tiroz hil zuen emakumea atzo, Miarritzen. Aguilera auzoan gertatu zen hilketa, eta ikerketa Frantziako Poliziak Miarritzen duen polizia etxearen esku utzia dute. Zabaldutako informazioaren arabera, gizonezkoak «ehizarako arma bat» erabili izanen luke emaztea lehenik eta ondoren bere burua hiltzeko.

Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista da. Hemezortzi urtean 110 emakume hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian —Berria egunkariak 2003az geroztik zenbatzen ditu hilketa matxistak—.

Aiztondoko Mugimendu Feministak Miarritzeko erailketa salatzeko protesta egingo du gaur Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian 19:00etatik aurrera. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! leloa eramango du elkarretaratzeak. Anoetan 19:30ean da deialdia, plazan, Matraka talde feministak deituta.

Tolosako Asanblada Feministak aldiz, biharko jarri du hitzordua. Elkarretaratzea egingo du 13:00etan Trianguloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!