Tolosaldean COVID-19an positibo eman dutenen kopuruak ez du behera egiten. Ostiraletik igandera 86 atzeman zituzten, eta atzo zabaldutako datuen arabera, astelehenean 28k eman zuten positibo; Tolosan 13, Ibarran 4, Alegian, Berastegin, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen bina eta Amezketan, Anoetan eta Asteasun positibo bana.
Azken datuei erreparatuta, 9.313 test egin zituzten herenegun, eta horietatik, 726 (%7,8) izan ziren positiboak, 315 Gipuzkoan. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien kasuan, Amasa-Villabonan (507) eta Tolosan (742) kolore gorrian daude. Osasun eremuei begira, berriz, Alegiakoa (521), Ibarrakoa (561), Tolosakoa (715) eta Villabonakoa (645) kolore gorrian daude. Baita, Tolosaldeko ESIa (578) ere.
Momentu honetan, eta datorren astelehenean argitaratuko duten zerrenda iritsi bitarte, Tolosaldeko 11 herri daude eremu gorrian, eta datuak ikusita Osasun sailak kezka azaldu du. Izan ere, COVIDaren ondorioz 104 pertsona ospitaleratu zituzten herenegun, denera, 430 pertsona daudelarik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta COVIDa duten 127 pertsona ZIUn daude, duela astebete baino 66 gehiago eta duela bi aste baino 142 gehiago. ZIUetako oheen %46 okupatuta daude koronabirusarekin gaixotutakoekin.
Ildo horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du «hazkunde azkarra» izan duela COVID-19ak; «hilabete pasatxoan indize tasa metatua 220 puntu hazi da», esan du. Tasarik baxuena martxoaren 10ean izan zen, 100.000 biztanleko 200 kasurekin, eta apirilaren 4tik 11rako astean (Pazko astea) % 22 igo da, sailburuak azaldu duenez.
Oinarrizko birsorkuntza tasari buruz hitz egin du baita, Sagarduik, hau da, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duen tasari buruz eta jada «duela egun batzuetatik, 1,20 ingurukoa» dela azal du. Herenegun 1,23an kokatu zen.
Txertaketa
Txertaketari buruz hitz egin du Sagarduik, era berean. Orain arte 147.219 pertsonek hartu dituzte COVID-19aren aurkako txertoaren bi dosiak, hau da, %6,69k. Lehen dosia, berriz, 412.658 herritarrek hartu dute, ia %18,75ek. Gainera, 80 urtetik gorako herritar denek jaso dute txertoaren lehen dosia, etxetik irten ezinda daudenek izan ezik. Herenegun Pfizerren 70.212 dosi jaso zituztela esan du ere sailburuak eta atzo AstraZenecaren beste 6.000 iritsiko zirela iragarri du. Gaur dosi bakarreko Janssen txertoaren lehen 6.850 dosi jaso behar zituen Eusko Jaurlaritzak, baina Europako Batasunak txertoen banaketa bertan behera utzi izanak bertan behera utzi du asmo hori. Arrisku handiko pertsonak, 70-79 urte bitartekoak eta 60-69 urte bitartekoen txanda dela gaineratu du eta bigarren dosiak jartzen jarraituko dutela. Ez dute erabaki, hala ere, AstraZenecaren lehen dosia hartu duten 60 urtetik beherakoekin zer egingo duten eta hiru aukera daudela esan du; AstraZenecaren bigarren dosia ematea, bigarren dosirik ez ematea, edo beste botika etxe bateko txertoaren dosi bat jartzea. Espainiako Lurralde arteko Osasun Kontseiluan hartuko dute erabakia.
Labiren batzorde teknikoa
Bilakaera epidemiologikoarekin oso kezkatuta dago beraz, Osasun saila. Kutsatuen kurbak gorantz jarraitzen du eta azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 420,15 kasukoa da Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, duela hilabete baino 220 puntu handiagoa. Datu horiek mahaian zituztela bildu zen atzo Labiren batzorde teknikoa eta datorren ostegunean, hilak 22, berriro biltzea adostu zuen. Labiren aholku batzordea berriz, bihar bilduko da pandemiaren bilakaeraren azterketa egiteko. Hala ere, indarrean dauden neurriak betetzeko beharra nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak.