Pello Lizarralde eta Joxean Agirre dira Akademiaren Sariko finalistak

Ataria 2021eko apirilaren 13a

Lizarralderen 'Argiantza' edo Agirreren 'Nobela errealista bat' liburuen artean hautatu beharko dute akademiakideek sariduna. Apirilaren 22a da botoa emateko azken eguna.

2020. urteko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko 111 Akademiak hirugarren eta azken bozketa txanda martxan jarri berri du. Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia.

Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40a lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat. Bi horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 22ra bitartean.

Gauzak ondo bidean, akademiak apirilaren amaieran emango du ezagutzera 2020ko 111 Akademiaren Saria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!