Aralarko sutearen inguruan, argibide eske

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 13a, 11:59

Aralar Bizirik Plataformak martxoaren 31n Artubi inguruan izan zen sutea salatu du, eta «beharrezko neurriak» hartzea eskatu du.

Martxoaren 31n sutea izan zen Aralar Natur Parkean. Zehazki, Artubitik gertu, eta Arritzaga bailaratik gora, Buruntzuntzin eta Uakorri eremuen artean. Aralar Bizirik Plataformak gertaera salatu du: «Gure informazio iturrien arabera, hamar hektarea inguru erre dira, edo nahita erre dituzte; gehiena otea eta almitza». 

Aralar Bizirik Plataformak gogora ekarri du: «Eremu hori Enirio-Aralar Mankomunitatearen barrutikoa da, eta Aralar Natur Parkearen barruan dago». Sutea izan osteko egunak jai egunak suertatu ziren, baina harrituta daude plataformako kideak: «Jai egunak jarraian izan direla jakinda ere, harritzen gara, orain artean, ez aldundiak ezta mankomunitateak ere ez dutelako ezer adierazi horren inguruan». 

Aralar Bizirik Plataformatik, bi erakunde horiei «ikerketa sakona» egin dezatela eskatu diete,  sute horri buruz, emaitzak publikoak egin ditzatela eta beharrezko neurriak har ditzatela. Eta horrekin batera, basozain kopurua handitzea eta urtero garai bertsuan suteak izaten direnean, «mendian zainketa bereziak egin ditzatela behar diren tresna aurreratuenekin», ere eskatu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!