Bizitzaren parte delako

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 13a, 07:59
Hainbat herritan eraman da aurrera Hil aurretik nahi dut... izeneko proiektua, hormetan mezuak idaztea bezalako ekimenekin. ATARIA

Heriotzari buruz hausnartzeko kafe tertuliak egingo dituzte, gaur, Tolosan, eta ostiralean, Anoetan; azken honetan, gainera, ‘Aulki hutsak’ dokumentala ikusteko aukera izango da.

Iazko azaroan, Heriotzari bizia ematen jaialdia ospatu zuten www.dandovidaalamuerte.org plataformaren baitan, espainiar estatuko hainbat elkartek. Horrela, modu sinbolikoan izan bazen ere, Gipuzkoako zenbait herritan parte hartzeko aukera izan zen, Hil aurretik nahi dut... ekimenaren bitartez. Horietako batzuetan, arbel batzuk jarri zituzten, herritarrek beren bizitzei buruz hausnartzeko eta gainerakoekin asmo pertsonalak partekatzeko aukera izan zezaten.

Tolosan ere ekimen bera aurrera eramateko asmoa zuten, baina azkenean, osasun egoeraren larritasuna ikusita, ez zuten herrian arbelak jartzerik izan. Horren ordez, Death Cafe izeneko ekimena burutu nahi izan zuten, heriotzari buruz hitz egiteko topaketa bat, alegia. Hura ere, ordea, atzeratu egin zuten.

Azkenean, gaurko egin dute hitzordua; 19:00etatik 20:30eara izango da, Amarozko auzo-etxean. «Ez da dolurako laguntza bat eta gure asmoa ez da ondorioak ateratzea», diote antolatzaileek. Edukiera mugak direla eta, aurrez izena ematea eskatzen dute. Horretarako, 656 748 391 (Javi) telefono zenbakira deitu behar da.

Prozesua normalizatzea
Duela 10 urte izandako ezbehar baten ondorioz hasi zen Javi Aramendia tolosarra heriotzari buruz sakontasun handiagoz hausnartzen. «Bihotzeko bat izan nuen, susto txiki bat. Zorionez, bizia eman ninduten, eta orain niri dagokit heriotzari naturaltasunez aurre egitea, eta hori azaleratu eta ezagutaraztea». Hori dela eta, gerora, Vivir un buen morir fundazioan prestatu zen; eta orain, fundazio horretan hezi ziren beste bi tolosar eta amezketar batekin batera, elkarte bat sortze bidean dira. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, gorabehera asko izan dituztela esan du, eta oraingoz, hau dela antolatu duten lehen ekimena.

Tolosan, Death cafe bat egiten den lehen aldia izango da gaurkoa, eta bertan egongo da Amaia Gozategi Mandalara elkarteko koordinatzailea. «Horrelako saioetan esperientzia eta errekonozimendu handia duen pertsona da. Heriotzaz hitz egiteko toki lasaia eta librea izatea nahi dugu; esperientziak, zalantzak edota beldurrak partekatzea da asmoa». Lehenik, sarrera modura, testu bat irakurriko da, eta ondoren, hitza hartzeko erronda bat egingo da bertaratzen direnekin. «Isilik geratzeko aukera ere badute; ez dugu inor hitz egitera behartu nahi. Entzunez soilik ere asko adierazten da».

Heriotzarako prozesua normalizatzea izango da topaketaren helburu nagusia; horri lotuta, adibide bat jarri du Aramendiak. «Gertuko norbait hiltzen denean, eta beragandik urrun aurkitzen zarenean, betirako geratuko zaizu gertutasun faltaren sentsazioa, amorratuta sentituko zara. Horrelako egoerak partekatzea eta antzeko sentimenduak izan dituztenen laguntza eta babesa jasotzea da asmoa, egoera horiei elkarrekin aurre egin ahal izateko. Izan ere, lehen naturala zen gertuko norbait hiltzea; orain, ordea, ez. Etxetik kanpo atera dugu heriotzaren gaia eta hiltzen jakiteko kultura galdu dute askok».

Adinekoak eta gazteak joaten dira saio horietara. Tolosako saiorako hamar lagunek eman dute izena, eta antolatzaileak «oso pozik» daude, gutxienez sei lagun biltzea zelako helburua. «Hala ere, gehiagorentzako dago tokia, hamabost laguneko talde txikietan egin ohi baitira horrelako saioak. Ez dakigu zer ikusi eta zer entzungo dugun, baina ziur naiz norberaren bihotzetik eta askatasunetik tiraka, ekimen polit bat suertatu daitekeela», gaineratu du Aramendiak.

Aurreratu duenez, Uzturre zaharren egoitzarekin duten harremana dela eta, elkarri lagunduz ari dira aurrera eramaten proiektua, eta aurrera begira, hainbat jarduera dituzte antolatuta. Hain justu, iazko Santu Guztien Egunerako, bertako egoiliarrek egindako mural bat kalean jartzea zen asmoa, baina ezin izan zuten. «Egoiliarrei baino gehiago, familiei adierazi nahi diegu babesa. Asko dira, euren senideren bat hiltzea onartzen ez duten familiak, eta horiei lagundu beharrean gara», nabarmendu du.

Bizia eta heriotza, batera
Abenduan, 2 urte bete ziren Azpeitian heriotzari buruzko tertuliekin hasi zirenetik. Tartean zen Iñaki Arregi elgoibartarra, Almaur elkarteko zuzendaria eta Urbizixa proiektuko sustatzailea. «Modu batera edo bestera, dolua pairatu dugun pertsonak gara, eta horren ondorioz sortu zen tertulia hauek egiteko gogoa», esan du.

Bada, Almaur elkarteak antolatuta, zine forum bat egingo dute, ostiralean, Anoetako Mikelasagasti auditorioan, 18:00etan. Aulki hutsak dokumentala ikusi ondoren, heriotzari buruz hausnartzeko tartea izango da. «Sentimenduak partekatzea da asmoa, elkarri laguntzea. Garrantzi handiagoa eman behar diogu dugunari, ez dugunari baino».

Biziaren eta heriotzaren pedagogia egiten dute Almaur Elkarteko kideek. «Bizia eta heriotza elkarrekin joan daitezela nahi dugu, ez daitezela elkarrengandik hain urrun egon. Heriotza egunerokotasunean dago, eta banaketa horrek min handia eragiten digu. Bizitzeko ahalmena ere murriztea ekartzen du».

Heriotzari buruz hitz egitea «oso garrantzitsua» dela adierazi du Arregik. «Hasteko, noizbait denok hilko garelako, bizitzaren parte delako, eta gure inguruan galerak ere ikusi eta sufrituko ditugulako. Heriotza naturalizatzea gure zaintza bultzatzea da». Gainera, sozialki «hutsune handi bat» dagoela ikusten du. «Erizainek edota irakasleek ardura potolo bat dute. Naturala den zerbait normaltzat hartzen badugu, galerak izaten ditugunerako, geroz eta tresna gehiago izango ditugu egoerak kudeatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!