Gaurtik hasita haur eskoletan izena emateko epea zabalik dago

Ataria 2021eko apirilaren 12a

Haurreskolak Partzuergoak izen ematea irekia du gaur, eta hilaren 21a bitartean matrikulatu daitezke haurrak. 2021-2022 ikasturterako izango da, eta 0-2 eta 0-3 urte arteko haurrei zuzendua da, Tolosaldeko haur eskoletan. 

Haurreskolak Partzuergoak 20 haur eskola ditu eskualdean, eta dagoeneko haur txikienek matrikula egiteko aukera dute. Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Elduain, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkilen daude haur eskolak, eta hilaren 21a izango da izen emateko azken eguna. 

2020 eta 2021ean jaiotako haurrek izango dute izena emateko aukera, 0 eta 2 urte arteko zerbitzua eskaintzen duten herrietan. Aldiz, eskolarik ez duten herrietan, 0-3 urte arteko haurrek egin beharko dute matrikula.

Internet bidez egin daiteke izen ematea www.haurreskolak.eus webgunearen bidez, edo herriko haur eskoletara bertara hurbilduta egin ahal izango da izen ematea. Horrez gain, edozein zalantza argitzeko prest izango dira bertako hezitzaileak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!