2021eko Udalekuak eta Gazte Oporraldiak kanpainetan izena emateko aukera

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 8a, 15:59

Udalekuak kanpaina 7-13 urte bitartekoentzat da; Gazte Oporraldiak, berriz, 14-17 urte bitartekoentzat. Plazak zozketa bidez banatuko dira, eta zozketan sartzeko apirilaren 13tik 20ra bitarte eman behar da izena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin elkarlanean, Udalekuak kanpaina antolatzen du, urtero, 7 eta 13 bitarteko haurrentzat; 14-17 urte bitarteko gazteentzat, berriz, Gazte Oporraldiak antolatzen dituzte. Azken hauetan, gipuzkoarrek bakarrik hartuko dute parte ekintza batzuetan; beste batzuk, Araba eta Nafarroarekin antolatzen ditu, eta azkenak, beste autonomia erkidego batzuetako Gazteria sailarekin.

Udalekuak programan, euskarazko hizkuntza ereduaren edo elebidunaren artean aukeratu ahal izango dute parte-hartzaileek. Gazte Oporraldiak programan, berriz, euskararen edo gaztelaniaren arteko hautua egin beharko dute. Gaztelaniazko saioetan, EAEko gazteez gain, beste autonomia erkidegoetako gazteak ere egongo dira.

Plazen banaketa zozketa bidez

Zozketa bidez banatuko dira plazak, heziketa-premia bereziko planak izan ezik (%5). Izena emateko prozesua honakoa da: Lehenik, zozketan parte hartzeko izena eman behar da apirilaren 13tik 20ra. Internet bidez eman daiteke www.gipuzkoa.eus/udalekuak helbidean; bestela, Foru Aldundiko Gaztegunean edo Tolosako kultur etxean. Eskaerak banaka eta taldeka egin daitezke (3 lagun gehienez). Bi programetan, hiru adin-tarte desberdinduko dira eta bakoitzak eskaera-orri berezi bat izango du.

Zozketa jendaurrean egingo da hilaren 27an, agerian, eta jardueretan parte hartuko duten umeen kopurua ahalik eta handiena izan dadin, lekuen esleipenean lehentasuna emango zaie aurreko urteetako kanpainan parte hartu eta txanda egokitu ez zitzaienei. Beraz, lekuen esleipena, aurreko lau urteetako parte hartzearen arabera izango da. 

Aurreko urteetan bezala, izena emateko lehenengo prozesuan plazarik gabe gelditu direnen artean banatuko dira libre gelditu diren plazak. Zozketa egin eta plazak esleitu ondoren egingo da behin betiko izen ematea. Lekua behin betiko gordeta gera dadin, ordainketa egin behar da lehenik, eta beharrezko dokumentazioa bidali beharko dute parte hartzaileek. Informazio guztia eta udalekuetako kuotak interneten kontsultatu daitezke, arestian aipatutako web-orrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!