Eskualdetik igaroko da gaur Itzulia

Ataria 2021eko apirilaren 8a

Tropeleko txirrindulari onentsuenak parte hartzen ari dira Itzulia lasterketan, eta gaur eskualdetik igaroko dira, Gasteizen hasi eta Hondarribian bukatuko den etapan.

Ikaztegietatik sartuko dira txirrindulariak Tolosaldera, 14:45ak aldera, batez besteko azkarrenaren arabera. Ondoren, Alegiatik pasa ostean, Altzo Azpitik joango dira, Altzo Muinotik pasa gabe, Tolosa aldera joateko. Handik Anoetara joko dute, ondoren Alkizara igotzeko. Asteasu eta Zizurkil arteko errepidera jaitsi eta ondoren Zizurkil eta Adunatik pasako dira, Andoain aldera jarraitzeko.

Eskualdeko ibilbidetik puntu nabarmenena Alkizako mendatea da. Hirugarren maila eman dio antolakuntzak, eta baliteke ihesaldiren bat martxan izatea bertan. Eskualdera sartu aurretik, gainera, Deskargako mendatea pasako dute txirrindulariek, eta hor aukera on bat izan daiteke ihesaldia osatzeko.

Caja Rural-RGA taldeko Jon Irisarri leaburuarra parte hartzen ari da Itzulian, eta herenegungo etapan bere protagonismoa izan zuen, ihesaldi nagusian sartu ziren zazpi txirrindularietako bat izan baitzen. Aurreko astean TOLOSALDEKO ATARIA-k Irisarrirekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta gaurko etapan eskualdetik pasatzerakoan ihes eginda joatea «polita» izango litzatekeela esan zuen. Ikusi beharko da, beraz, leaburuarrak aukerak dituen beste ihesaldi batean sartu eta eskualdeko zaleen animoak jasotzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!