Europako Txapelketa dute helburu aurten ere

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 8a, 07:58

Unai Saralegi eta Unai Regillaga, Espainiako Txapelketan.

Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokek zazpigarren postua lortu dute Internet bidez egin den Europako Kopako proban.

Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Regillaga amezketarrak orain gutxi judoko nage no kata modalitatean Europako Kopako proban zazpigarren postua lortu dute. Judo Club Tolosako kideen asmoa puntuak pilatzea da, uztailean egitea aurreikusita dagoen Europako Txapelketan parte hartzeko. Iaz bezala, aurten ere hori da beraien helburu nagusia. Aurreko urtean ez zen txapelketa hori egin, eta aurten ikusi egin beharko da zer gertatzen den.

Orain egin berri duten Europako Kopa iaz Italian jokatzekoa zen, baina konfinamendua iritsi zen, eta bertan behera geratu zen. Aurten egin ahal izan dute, baina modu bitxian, Internet bidez egin baitute. Bikote parte hartzaile bakoitzak astebeteko epea zuen bideoa grabatu eta antolatzaileei bidaltzeko. Probaren egunean epaileek bideo guztiak jarraian ikusi eta puntuak eman zituzten. «Ni etxean nengoen ikusten, Youtube bitartez eman zutelako, eta oso urduri nengoen, momentuan parte hartzen ari banintz bezala», esan du Saralegik. Regillagak urduritasun bikoitza izan zuen: «Goiz guztia hor pasa genuen begira, bakoitza bere etxetik, baina gure modalitatea azkenekoa zenez, eta nik gerriko beltzaren 2. Dan maila ateratzeko azterketa nuenez, ezin izan nuen unean bertan ikusi gure parte hartzea».

Sailkapenean erdialdean geratu ziren, eta helburua antzeko zerbait lortzea zela dio Saralegik: «Lehenengoetatik ez ginen oso urrun izan. Bikote moduan lehenengo aldia zen Europa mailan txapelketa bat egiten genuena, eta behintzat zer edo zer ondo egiten dugula erakutsi dugu. Orain lan gehiago egitera, besterik ez da geratzen». Aurtengoa hirugarren denboraldia dute bikote moduan lehiatzen. Lehenengoan ondo aritu ziren, baina gutxigatik ez zuten lortu Europako Txapelketara sailkatzea, eta pasa den urtean sailkapen hori lortu bazuten ere, azkenean ez zen egin. «Europa mailan lehiatzen baduzu, Espainia mailan baino jende hobea dago, eta zure maila hobetzen duzu», zehaztu du Saralegik.

ESPAINIAKOAN HIRUGARREN

Iazko Espainiako Txapelketa azaroan egin zuten eta orduan hirugarren postua lortu zuten Saralegik eta Regillagak. «Madrilgo hotel batean egin genuen», esan du Regillagak. «Burbuila batean egon ginen txapelketa bukatu arte. Podiuma egitea lortu genuen, eta puntuak lortu genituen Europako Txapelketan parte hartzeko, baina tamalez gero ez zen egin». Ez dakitena da lortutako puntu horiek balioko ote duten aurtengo sailkapenerako.

Espainiako Txapelketa horretan Judo Klub Tolosa taldeko beste judoka batzuek ere parte hartu zuten. Joseba Regillaga amezketarrak eta Joseba Etxarri tolosarrak bigarren egin zuten junior mailan, eta maila berean seigarren postua lortu zuten Zuriñe Tardio txaramarrak eta Jone Gurrutxaga tolosarrak.

Aurten Espainiako Txapelketa ekainean egingo dela aurreikusi dute, baina hori ere zalantzan egon daiteke. Espainiako Kopako proba guztiak egutegitik desagertu egin dira, beraz, ez dakite hurrengo txapelketa edo proba noiz izango duten.

Bitartean, Saralegik eta Regillagak entrenatzen jarraitzen dute. Hori bai, ez dute askotan entrenatu ahal izaten, baina horrela moldatzen direla diote. «Maila batera iritsi gara, non pare bat egun entrenatuz berriro berreskuratzen dugun», esan du Saralegik. «Oso garrantzitsua da bien artean ondo ulertzea, eta dagoeneko hirugarren denboraldia dugunez elkarrekin, hori nabaritzen da».

Unai Saralegi eta Unai Regillaga, eskuinean, Espainiako Txapelketako podiumean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!