Apirila amaieran erretiroa hartzeko asmoa badu ere, soinuarekin maiteminduta dagoela aitortzen du Luis Astiasaranek (Zizurkil, 1955). Ia 5.000 soinu konpondu ditu, eta guztien fitxak ditu gordeta ordenagailuan.
Lehenik soinua jotzen hasi zinen, eta gero, konpontzen. Zure haurrak balira bezala zainduko dituzu...
Ez pentsa. Arotzaren etxean gerrena zotzez dio esaerak, eta hala da nire kasuan. Duela sei urte utzi nion jotzeari, eta 18 urte dira konponketekin hasi nintzela.
Nola aritzen zara?
Etxean dudan tailerrean aritzen naiz. Norbaitek soinu bat ekartzen duenean, nik hemen dudanetako bat uzten diot, berea konpontzen dudan bitartean, lasaiago ibili nadin. Hala ere, hilabetea amaitzerako erretiroa hartzeko asmoa dut, nahiz eta gerora lan honetan jarraitzeko asmoa izan, erritmoa apur bat jaitsita. Lokatzetan aritu behar ez denez, eta etxean aritzen naizenez, ofizio goxoa da. Bi biloba ere baditut, eta ea beraiei lekukoa pasatzerik izaten dudan.
Gaur, ordea, bestelako lan batean aritzea egokituko zaizu.
Hitzaldi bat eskainiko dut, Tolosako kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Demostrazio bat izango da, soinua nola konpontzen dudan erakutsiko dut: afinatzeko moduak, mekanika, matxurak... Bizpahiru soinu eramango ditut eta tripak aterako dizkiet. Askok hala pentsatu arren, guztia ez baitzaigu eginda iristen; badira ondo landu beharreko tresnak, eta soinua da horietako bat.
Konponketetarako aparatuek nola funtzionatzen duten ere erakutsiko dut; izan ere, erdia makinak egiten du, eta beste erdia, aldiz, belarriak. Makina oso onak egon arren, ez dute dena egiten.
Saio didaktikoa izango da. Zer espero duzu ikusleengandik?
Behin egin nuen antzeko hitzaldi bat, Oñatin, eta bertaratutakoak oso gustura atera ziren. Nik, batez ere, publikoak galderak egitea nahiko nuke. Edozein zalantza argitu nahi dut, erakustaldia egin bitartean.
Bizpahiru soinu eramango dituzula esan duzu. Hala ere, etxean gehiago dituzu, ezta?
Bai. Bederatzi ere izan ditut momentu berean, eta une honetan sei ditut; horiek, nireak dira. Konpontzeko, berriz, berrogeita hamar bat ditut apaletan.
Eta zenbat igaro dira zure eskuetatik?
4.975. Soinu handiak eta txikiak, era guztietakoak. Ordenagailuan dut bakoitzaren fitxa, gainera. Badira 20 aldiz nigana soinu berdinak ekarri dituztenak.
Azken urteetan gora egin al du soinuarekiko zaletasunak?
Izugarri. Gu hasi ginenean, zenbat izango ote ginen ba? Orain, ia etxe bakoitzean dago trikiti bat. Urte batzuetan geldirik egon den arren, zaletasunari heldu diote askok, eta orain gehiago dira. Hori bai, hasi bezala, askok utzi egin dute. Auskalo zenbat etxetan egongo den soinu bat, geldirik.
Zer iritzi duzu jaialdiaz?
Beharrezkoa zen hemen inguruan horrelako zerbait antolatzea. Kultura herrikoiaren eta folklorearen zaletasuna handia da Tolosaldean. Beraz, herritarrek bikain erantzungo dutenaren esperantza dut. Duela urte batzuk, Oñatin ere antolatu zen antzeko jaialdi bat; zoragarria izan zen, eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen. Tolosakoa, hala ere, bestelako garai batean heldu da. Bizitzen ari garen egoera oso tristea da, lanerako guztiz nekagarria.