Jaka eta Altuna aurrez aurre izango dira finalerdien bila

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 6a, 19:59
Altuna eta Jaka, Lau eta Erdiko Txapelketako finalean.

Larunbat honetan jokatuko dute elkarren aurka final-laurdenetako kanporaketa. Jon Ander Peñak Albisurekin batera zuzenean finalerdietara sailkatzea lortu du.

Behin ligaxka bukatuta, Binakako Pilota Txapelketa beste fase batean sartu da. Asteburu honetan jokatuko dira final-laurdenetako kanporaketak, eta partidetako batean izango dira eskualdeko bi pilotari: Jokin Altunak eta Mariezkurrena II.ak aurkari izango dituzte Erik Jaka eta Martija. Aurreko asteburuan jokatu da ligaxkako azken jardunaldia eta hor geratu dira erabakita azken kontuak: Jon Ander Peña eta Albisu zuzenean finalerdietara pasa dira, eta azkenean Jakak eta Martijak seigarren postua lortu dute, beraien partida galdu arren, gero Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak eurena ere galdu zutelako.

Jon Ander Peña tolosarra izan da ezusteko handiena eman duena ligaxkan, finalerdietara zuzenean sailkatuz. Lehen aldiz parte hartzen ari da binakakoan Peña eta finalerdietara zuzenean sailkatzeak meritu handia du. Maila oso onean dagoen Albisu atzelariarekin batera, azken txanpa ona baliatu dute bigarren postuan sailkatu eta zuzenean finalerdietarako ligaxkara igarotzeko. Horretarako azken jardunaldian 11-22 irabazi zieten Jaka eta Martijari.

Hain justu, bikote horrentzako azken jardunaldia bizia izan da. Euren esku zuten txapelketan jarraitzeko aukera, baina larunbatean partida galdu ondoren, igandean jokatu zenari begira egon behar izan zuten. Erik Jakak azaldu duenez, «guretzat ez zen ondo hasi azken jardunaldia. Larunbateko partidan ez genuen gure maila eman, bi Jon Anderrak gu baino hobeak izan ziren eta igandekoaren zain egon behar izan genuen». Igandeko partidan, Peio Etxeberriak Ezkurdiaren lekua hartu zuen, azken hau eskuetako minez zegoelako. «Peiok eta Ladis Galartzak partida oso ona egin zuten, batez ere Ladisek, eta beraiek lortu zuten garaipenarekin eta gure sailkapenarekin, oso pozik, ikusita nola joan den txapelketa».

Jakak eta Martijak ez zuten txapelketa batere ondo hasi. «Guk garbi izan dugu txapelketan zehar uneren batean iritsi behar zuela gure zorte txarraren eta joko bolada eta emaitza txarren buelta», esan du Jakak. «Tafallako partida inflexio puntu bat izan zen guretzako, eta orduz gero gure mailak gora egin du eta sentsazioak eta emaitzak horrekin hobetu dira».

Larunbatean Labriten jokatuko dute Jaka-Martijak eta Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak. «Partida gogorra izango da», esan du Jakak. «Ikusita batez ere txapelketa hasiera nolakoa egin zuten, ematen zuen bai edo bai bi lehenengoetan sartuko zirela. Azkenean hirugarren sailkatu dira, baina faboritoetakoak dira, ez bakarrik finalerdietan sartzeko, baita txapelerako ere». Lizartzarrak azaldu duenez, beraiek beren lana egindakoan erakutsi dute edozein bikoteri lana emateko eta irabazteko gai direla.

Txapelketan jokatu dituzten bi partidetan, Mariezkurrenaren arabera egon dela partidaren gakoa esan du Jakak: «Egun ona izan duenean, atzelari handienen pare jo du, eta aginte hori Jokinek aprobetxatu du. Guretzako berri ona da Julenen [Martija] eskua ere ehuneko ehunean dagoela, eta atzelari handi horiei eusteko gai dela erakutsi du behin baino gehiagotan, eta oraingoan ere parekatzea lortzen badu, Jokinek eta nik lehia polita izan dezakegu aurrean, eta edozeinen aldera erori daiteke partida».

Jokin Altunak azaldu duenez, «partida batera jokatzen duzunean, edozein bikoteri izaten diozu errespetu handia. Beraiek maila handiko bikotea osatzen dute. Txapelketa hasieran ez ziren hain fin egon, baina bigarren itzulian ikusi da zer joko puntua hartu duten». Altunak garbi du berak eta Mariezkurrenak beren «gauzak ondo egiten» zentratu behar dutela: «Guk ondo funtzionatu dugu txapelketa guztian. Peña eta Albisuren kontra galdu egin genuen, baina ondo eraman genuen markagailuan. Hasieran ondo sartzen gara, eta larunbatean ere hori egin behar dugu, asko dagoelako jokoan. Finala ez da, baina aukera ematen du hiru finalerdi jokatzeko, eta hori handia da».

Behin finalerdietara pasatuz gero, aukerak ikusten ditu Altunak txapelaren lehian izateko: «Gu jakitun gara larunbateko partida oso garrantzitsua dela guretzako. Irabaziz gero konfiantza handia emango digu eta nik behintzat ikusten dut aukerak ditugula finalerako borrokan egoteko, eta horretarako saiatu behar gara dena emanda».

Ligaxkaren azken jardunaldian Artola-Aranguren bikoari 22-11 irabazi zioten Altuna III-Mariezkurrena II bikoak Amezketan jokatutako partidan. «Txapelketa orokorrean oso ona egin dugu», esan du Altunak. «Astebetean partidak ondo bideratu genituen, eta gero pixka bat alde egin ziguten azken momentuan, eta horregatik sailkatu gara hirugarren. Orain asteburuan partida zaila baina ederra dugu, eta horretarako mentalizatuta gaude guztiz».

PROMOZIO MAILA

Iker Elizegi asteasuarra eta berarekin aurrelari aritu den Arteaga II.a promozio mailako ligaxkan azken lekuan geratu dira. Azken jardunaldian, Elizegik ez zuen jokatu, eta bere ordez Jon Erasun zizurkildarra aritu zen. Arteaga II-Erasun bikoak 11-22 galdu zuten Salaberria-O. Etxebarria bikoaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!