"Komunitate sentitzen garela eta sentitu nahi dugula adierazi dugu"

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 6a, 09:44
Anoetako Aberri Eguneko argazkia.

Euskal Herria Batera ekimenak herritarrak zoriondu ditu Aberri Egunean "keinu bateratua" egiteagatik. "Norabide horretan, baliagarria izan daiteke Aberri Eguneko dinamika bateratzaile honi eustea eta urtean behin keinu bateratua proposatzea Euskal Herri osoko herritarrei, askotariko herritarrak protagonista kolektibo izan daitezen".

Pasa den urtean bezala aurten ere modu berezian ospatu behar izan dute herritarrek Aberri Eguna. Iaz balkoietatik egin zen aldarria eta aurten herriko plazetara jaitsi da. Euskal Herria Batera ekimena izan da aurten herriko plazetan abesteko deia egin duena eta herritarrak zoriondu ditu hamaika herritan ekimenarekin bat egin dutelako. "Gure taldearen proposamenak berriro mugiarazi ditu milaka herritar Euskal Herri osoan, eta keinu bat egin dugu batera, komunitate garela eta sentitu nahi dugula adierazteko".

Iazko irakurketa berbera egiten dutela esan dute ekimeneko kideek eta gogoratu dute aurrera begira "bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar" duela Euskal Herriak "etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko". "Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guzietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko".

Euskal Herria Batera ekimeneko kideek esan dute era berean, norabide horretan baliagarria izan daitekeela Aberri Eguneko dinamika bateratzaile honi eustea, "eta urtean behin keinu bateratua proposatzea Euskal Herri osoko herritarrei, askotariko herritarrak protagonista kolektibo izan daitezen". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!