Argi dago modari eta itxurari lotutako joerak oso aldakorrak direla; duela hilabete edo urte gutxi modan zegoena, zaharkitua geratzen da segituan. Industriaren joerek, kontsumoaren gurpilak jarraitu beharrak eta guztiarekin segituan aspertzen den jendartearen ondorio izan daiteke, baina horrela izan ala ez, geroz eta zailagoa da joera horretatik ihes egitea.
Duela hamarkada gutxi gorputz argalek zeukaten arrakasta, batez ere, esan beharrik ez dago, emakumeen kasuan. Ez ziren akatsak onartzen ia, eta itzalik gabeko gorputz horiek lortu nahian milaka produktu, tratamendu eta asmakizun egon ziren boladan. Joera hori ez da amaitu, baina geroz eta gehiago dira gorputzeko berezitasun guztien edertasunaz ohartarazten duten mugimendu edo joerak. Horietako bat da body-positive izenekoa. Mugimendu horrek ere Internet du sorleku eta garapen gune, eta ikusteke dago oraindik mundu birtualetik kalera salto egingo ote duen, eta nola egingo duen ere.
Mugimendua emakumeekin lotzen da eta sudur luzeegia, orinez betetako azala edo ipurdi potoloegia duten emakumeek euren edertasuna aldarrikatzeko beharraren inguruan sortu da. Ezaugarri horiek eta beste mila dituzten pertsonek modak tatuatzen digun kanona jarraitzen dutenak bezain ederrak direla uste dute, eta hori gizarteratzen ari dira, zabaltzen, Internetak eta sare sozialek eskaintzen duten erakusleihoa baliatuz. Ez gaitezen engaina; mugimendu honen atzean modaren kontsumo gosea dago ere. Industria konturatu baita modu bateko edo besteko gorputzei lotutako produktuak saldu behar dituela, eta bi joera horien arteko hari finean dabil; orain arteko kanonei lotutako edertasuna edo edertasun berria dutenek, ildaska eta txitxiak dituzten horiek, beharko baitute jantzi, erosi beharko dute. Jakina da bakoitzak bere burua maitatu behar duela, baina zaila da hori etengabe gutxiesten den kanona duen pertsona batentzat. Etengabe entzuten badu argaldu behar duela, goitik behera depilatu behar dela, modu jakin batean jantzi beharko litzatekeela jardun jakin bat egin nahi badu... onartua izan nahi badu, azken finean. Zorionez kontsumo ohitura eta eskaintzan zirrikitua ari da irekitzen, ikusi behar zer garapen duen horrek.
Bien bitartean gurpil zoroak aurrera darrai, eta geroz eta zailagoa da kontsumokeritik ihes egitea. Kontsumo arduratsua egin daiteke ordea; gertukoa eta arrazoitua. Zer eta nola kontsumitu erabaki genezake, non erosi hautatu daitekeen bezala. Eta sokatira horretan bertakoak izan beharko luke lehentasuna. Bertan baditugulako saltoki bikainak eta profesional paregabeak. Baditugulako mila aukera, badugulako non aukeratu. Kontsumitu behar badugu, egin dezagun arduraz