Azken jardunaldia erabakigarria izango da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 30a, 11:56
Jon Ander Alisu eta Jon ander Peña, Binakako Pilota Txapelketan. BAIKO

Jakak aukera asko ditu txapelketan aurrera jarraitzeko, eta Peña II.aren eta Altuna III.aren artean erabakiko da ligako bigarren postua.

Binakako Pilota Txapelketaren ligaxka iritsi da une erabakigarrira. Asteburu honetan jokatuko da hamalaugarren jardunaldia, eta oraindik hainbat kontu daude argitzeke. Eskualdeko pilotariei dagokionez, garbi dagoen bakarra da Iñaki Artolak ez duela txapelketan jarraituko. Asteburu honetan Jaka eta Martija bikoaren aurka galduta, Artola eta Aranguren azken postuan geratu dira, hiru garaipenekin, eta datorrenean irabazita ere ez dute aukerarik.

Jaka eta Martijak, berriz, azken txanpa oso on baten ondorioz, aukera asko dituzte lehenengo sei sailkatuen artean sartzeko. Une honetan seigarren postuan daude, bost garaipenekin. Zazpigarren postuan daude, Urrutikoetxea eta Imaz, bost garaipenekin ere. Eta bosgarren postuan daude Ezkurdia eta Ladis Galartza, sei garaipenekin. Hiru bikote hauetako bat geratuko da txapelketatik kanpo. Gainera, Ezkurdia-Galartza eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteek elkarren aurka jokatuko dute azken jardunaldian.

Jaka-Martija bikoteak Peña II-Albisu bikoaren aurka jokatuko dute larunbatean, Labriten. Lizartzarrak eta bere bikoteak irabaziz gero, zuzenean txapelketan jarraituko dute. Galduz gero, hurrengo egunean Urrutikoetxea-Imaz eta Ezkurdia-Galartzak jokatuko duten partidari begira egon beharko dira: Urrutikoetxea-Imazek galtzen badute, Jaka-Martija pasako dira, eta irabazten badute, kanpoan geratuko dira.

Ez dute, baina, erraza izango lizartzarrak eta bere bikoteak Peña II-Albisu bikoari irabaztea. Sasoi oso onean daude, konfiantzaz, eta hauek ere azken txanpa oso on bat egin ondoren, bigarren postuari heltzeko eta finalerdietara zuzenean pasatzeko aukera dute. Helburu horretarako beste aurkariak Altuna III.a eta Mariezkurrena dira. Hain justu, asteburu honetan elkarren aurka jokatu dute, eta tolosarrak eta Albisuk irabazi dute, 21-22, eta orain beraien esku dago bigarren postuari eustea. Datorren jardunaldian, Peña II-Albisuk irabazten badute, bigarren izango dira. Galduz gero, Altuna III.ak eta Mariezkurrenak astelehenean Amezketan Artola eta Arangurenen aurka duten partida irabazi beharra dute 11 tanto baino gehiagoko aldearekin, bigarren postua lortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!