Itsaso zakarrari egokitzea kostatu zaie

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 29a, 16:55

Tolosaldea trainerua, larunbatean, San Pedroko jaitsierako estropadan. JOSU Z

Tolosaldea traineruak seigarren postua egin du San Pedroko jaitsieran. ETE ligako traineruen artean bigarrena izan da, Zumaiaren atzetik.

Bukatu dira denboraldi-aurreko estropadak, eta azkenekoan, larunbatean egindako San Pedroko jaitsieran seigarren amaitu du Tolosaldea traineruak. Pasaiako badian eta itsasoan arraun egin behar izan zuten, eta nahiko zakar zegoen kanpoaldean. “Kanpoan arraun egiteko oso zaila zegoen, eta kostatu egin zitzaigun egokitzea”, esan du Patxi Francesek, Tolosaldea traineruko entrenatzaileak. “Aurrean geratu ziren traineruak ondo egokitu ziren. Guk itsasoan gehiago saiatu beharko dugu, ez dago besterik”. 

Donostia Arraun Lagunak izan zen irabazle, eta ondoren Orio, Kaiarriba (Donostiarra), Zumaia, Hondarribia eta Tolosaldea sailkatu ziren. Guztira hamabi traineruk parte hartu zuten eta Tolosaldea bigarren izan zen ETE ligakoen artean, Zumaiaren atzetik. Guztira lau estropada egin dira denboraldi-aurre honetan, eta ETE ligako traineruak kontuan hartuta, Tolosaldea lehenengoa izan da estropada batean, eta bigarren beste hiruetan. Azken horietan bitan gelditu da San Juan aurretik, eta azkenekoan Zumaia gailendu zaio. “Arraunlariak aldatzen joan gara estropadetan”, esan du Francesek. “Denboraldi-aurrea da, baina garbi dago traineru guztiek egiten dutela arraun, eta prestaketa estutu egin beharko dugula iazko denboraldia egin nahi badugu. Margena badago, eta horretan egin beharko dugu lan”. 

Behin denboraldi-aurrea bukatuta, orain ETE ligaren hasierari begira jarri dira traineruak. Ekainaren 19an hasiko da liga, hain justu. “Bi hilabete eta erdi dauzkagu lan egiteko; denbora bada, baina garbi dago ezin garela deskuidatu, talde guztiak indartsu dabiltzalako”, zehaztu du Francesek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!