COVID osteko pazienteentzako telerehabilitazio proiektuan ari da parte hartzen Asuncion klinika

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 26a, 16:37

COVIDak osasun arloan dituen erronkei aurre egiteko irtenbide teknologikoak garatzeko diru laguntzak ematea helburu duen Europar Batasuneko COVID- X programak hautatu du proiektua.

Tolosako Asuncion Klinikak eta Trak Donostiako start up erakundeak bat egin dute COVID osteko pazienteentzako telerehabilitazio proiektu bat garatzeko. Europar Batasuneko COVID- X programak aurrez hautatu du proiektua. Programa honek diru laguntzak ematen ditu COVIDak osasun arloan dituen erronkei aurre egiteko irtenbide teknologikoak garatzeko.

Trak eta Tolosako Asuncion Klinikak garatutako proiektuaren helburua pandemiak birgaitze fisikoaren arloan planteatu dituen erronketako batzuk konpontzea da. Alde batetik, patologia muskuloeskeletikoak dituzten pazienteei begira, errehabilitazioko gimnasiora joateko beharra murriztea, asistentziaren kalitatea kaltetu gabe; eta, bestetik, COVID osteko pazienteentzako telerehabilitazio espezifikoa eskaintzea.

Trak-ek tresna teknologikoa ematen dio proiektuari: telerehabilitazio-plataforma bat, merkatuan bakarra, adimen artifizialaren bidez patologia muskuloeskeletikoak dituzten pazienteei jarraipena egiteko aukera ematen duena. Asuncion Klinikak, berriz, ikuspegi klinikoa ematen du. Asuncion Klinikako mediku errehabilitatzaileek eta fisioterapeutek plataformak dituen ariketen bideoak baliozkotu dituzte eta agertu beharko liratekeen beste batzuk proposatu dituzte. Gainera, plataforma zentroko errehabilitazio-zerbitzuko pazienteekin probatzea aurreikusi dute.

Gaur egun merkatuan ez dago COVID osteko pazienteentzako telerehabilitaziorik eskaintzen duen tresnarik. Proiektuaren sustatzaileek uste dute izaera bakar horri esker hautatu dela Europar Batasunaren COVID-X programaren esparruan.

Trak telerehabilitazio-plataforma bat da. Adimen artifizialaren bidez, fisioterapeutei tresna bat eskaintzen die, ariketa terapeutikoa arinago agindu ahal izan dezaten, eta, batez ere, pazienteari bide bat ematen dio bere fisioterapeutak agindutako ariketak zuzen eta modu kontrolatuan egin ditzan. Trak-en ikuspen artifizialeko sistemak aukera ematen dio plataformari pentsatzeko eta pazienteari ariketa ondo edo gaizki egiten ari den esateko. Trak fisioterapeutaren lana osatzeko eta hobetzeko tresna bat da, haren eta pazientearen arteko lotura eginez. Profesionalak uneoro jakin dezake pazientea zein egoeratan dagoen eta ondo trebatzen ari den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!