Udaberri Txapelketari ekin diote

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 25a, 19:59

Ez da ligarik jokatuko emakumezkoen areto futbolean, eta Udaberri Txapelketa jarri dute abian; Laskorain eta Anoeta lehian ari dira, baina ez sortu berri den Teep Tolosala Ama Taberna taldea

Denboraldi honetan eskualdeko emakumezkoen areto futboleko taldeek ez dute liga txapelketarik izango. Orain Udaberriko Txapelketa antolatu du Gipuzkoako federazioak, eta bertan lau talde ari dira, tartean eskualdeko Laskorain eta Anoeta. Eskualdeko beste taldea, aurten sortu den TEEP Tolosala Ama Taberna, ez da parte hartzen ari.

Tolosako Laskorain taldeak Ordiziaren aurka jokatu zuen asteburuan eta 3-0 galdu zuen. Gogoz zeuden partidak jokatzen hasteko, Ane Artutxa jokalariak azaldu duenez: «Aurreko urteko martxoan utzi genion jokatzeari, beste guztiek bezala. Egia da denboraldi honen hasieran entrenatzeko aukera izan genuela, baina gero egoeraren arabera baldintza gehiago jartzen ziren. Orain berriro entrenatzen hasi garenean, liga ez baina behintzat txapelketa txiki bat egiteko aukera egongo zela esan zitzaigun. Taldean batzuk prest azaldu gara eta hortxe hasi gara».

Ordiziaren aurkako partidan sentsazioak ez zirela txarrak izan azaldu du Artutxak: «Bagenekien Ordizia talde zaila dela, baina kontuan izanik denbora asko pasa zela elkarrekin partida bat jokatu gabe, sentsazioak ez ziren txarrak izan eta alde horretatik gustura gaude». Txapelketari begira, «gustura jokatzeko» helburua dute: «Ahal den neurrian disfrutatu egin nahi dugu. Ahalik eta ondoen jokatzen saiatuko gara eta partidak irabazten baditugu, hobe».

Anoetak Antiguoko taldearen aurka jokatu zuten asteburuan, eta 0-7 galdu zuen. «Denbora bazen partidarik ez genuela jokatzen koronabirusaren gaiarengatik, eta nahiz eta txapelketa txikia izan, animatu gara jokatzera, eta ez da gutxi», esan du Miren Izeta jokalariak. «Taldean ez gara asko, baina moldatu gara parte hartzeko, eta honek ere ematen digu aukera ondo pasatzeko».

Entrenamenduak egiteko aukera asko ez dituztela izan azaldu du Izetak: «Kiroldegiak-eta itxita egon dira eta herri batetik bestera pasatzeko ere ez dugu aukera handirik izan. Aukera izan dugunean behintzat entrenamenduak egin ditugu. Egia esan gogo handia genuen partidak jokatzeko». Antiguoko taldea ez zutela ezagutzen gaineratu du Anoeta taldeko jokalariak: «Talde berria da, eta Donostiakoa izanik eta klubak berak duen izenarekin, espero genuen talde ona izatea. Aspaldi ez genuela partidarik jokatu, eta ahal genuena egin genuen». Udaberri Txapelketarako helburua ez dela partidak irabaztea esan du Izetak: «Gure helburua da emakumeon areto futbola berriro martxan jartzea, koronabirusaren gaiarekin zortzi taldetik lau azaldu baikara jokatzeko prest».

BI TALDE ELKARTUTA

Denboraldi honetako berritasunetako bat Tolosako bi talde elkartu eta berri bat sortu dela izan da. TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea eta Tolosala taldeak bat egin dute eta Teep Tolosala Ama Taberna osatu da. Garazi Arregi jokalariak azaldu duenez, «aurreko denboraldian bi taldekoek bat egiten genuen Uzturpe frontoian entrenamenduetan, eta askotan batera entrenatzen genuen. Elkarren artean hitz egiten, denboraldi honi begira ikusi genuen jende asko ez ginela, eta taldea Tolosan mantentzeko pentsatu genuen bi taldeak elkartzea. Ideia txiki bat bezala sortu zen, eta azkenean proiektu handi batean gauzatu da».

Udaberri Txapelketan ez parte hartzea erabaki dute. «Bizi dugun egoera honengatik izan da», zehaztu du Arregik. «Entrenatzeko ere zailtasunak izaten ari gara nahi bezainbeste jende elkartzeko, baina halere entrenamenduak egiten ari gara. Hori bai, lehiaketari begira ikusten genuen jende gehiago beharko genuela egoki lehiatzeko, eta pentsatu genuen ez parte hartzea». Entrenamenduekin jarraitzen dutela gaineratu du, batez ere alde teknikoak lantzeko asmoarekin, eta datorren denboraldiari begira lehiaketarako prestatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!