Hezkuntzan dauden "jarrera autoritarioen" aurka mobilizatu dira

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 25a, 13:46

IKAS mugimenduak deituta, dozenaka gazte elkartu dira Tolosako Trianguloa plazan, "hezkuntzako egoera tamalgarria salatu eta jarrera autoritarioen deuseztapenean aurrerapausoak emateko".

Elkarretaratzea egin ondoren, hainbat gazte Donostiara joan dira, bertan eguerdian zegoen mobilizazioan parte hartzera.

Ondorengo irakurketa egin dute, elkarretaratzearen amaieran:

"Gaur, Euskal Herriko txoko ezberdinetan bildu gara hezkuntzako egoera tamalgarria salatu eta jarrera autoritarioen deuseztapenean aurrerapausoak emateko.  Beraz, zorionak mobilizatu zareten guztioi!, Ikasle langileon batasuna gauzatzea posible egin duzuen guztioi!
 
Pandemia mundial baten testuinguruan hasi dugu ikasturtea, eta honek, aurretik zegoen krisia areagotuz, gizarteko esparru guztietan aldaketak suposatu ditu. Hezkuntzan ere, aldaketa ugari eman dira, noski. Gu izan gara honen ondorioak pairatu behar izan ditugunak: Hezkuntzaren kalitatearen beherakadarekin batera, espresio autoritarioen gorakada nabarmena eman baita ikasturte honetan. Ikasleen eskubideen urraketa eta ikasleekiko orokortua den jarrera krudel zein inhumanoa, hain zuzen ere: ez gaituzte entzuten, ez gaituzte kontuan hartzen, eta orokorrean, ikastetxeetako erabakiguneetatik kanpo gaude.

Adibidez, ikasleon ikasketa prozesua kontrolatzeko kontrol-plataformen erabilerak, Inika edota Alexia bezalakoak, gora egin dute aurtengo ikasturtean, eta gure eskualdeko ikasleria, beste ikasturteetan baino kontrolatuago sentitzen da. 

Hezkuntzan ireki den eszenatokiak, ikasle langileon ikas baldintzen okertzea ahalbidetu du. Egoera honen aurrean, babes gabe aurkitzen gara, antolakuntza indartsu baten faltan. Gure eskubideen defentsarako mekanismoak garatzeko beharraz jakitun, borrokari ekin diogu. Eta testuinguru honetan kokatu behar dugu gaurko eguna barnebiltzen duen dinamika martxan jartzearen beharra, autoritarismoaren aurkako dinamika, alegia. Ezinbestekoa baita, egoera honetan, ikasleok batzea, gure arazoei ahotsa ematea, eta autoritarismoa bezalako jarrera onartezinak seinalatuz, kaleetan presentzia hartzea.

IKASetik dinamika hau abian jarri genuenetik, aurrera egin dugu, egunez egun indartuz joan gara, batasunaren eta elkartasunaren printzipioen baitan gure antolakuntza gaitasunak handituz. Ikasle langileon defentsa egiteko bide bakarra hau dela frogatu dugu: antolatzea. Izan ere, asko izan dira ikastetxez ikastetxe deuseztatzea lortu ditugun autoritarismoaren espresio ezberdinak: Gasteizen, Classroom kontrol-plataformaren epea adostea lortu dute; Iruñean, berriz, aplikatu behar ziren kontrol sozialerako neurriak bertan behera geratzea lortu dute; eta Bidasoan, berriz, azterketa astearen inguruko irizpidetzean ikasleria kontuan hartzea lortu dute. Alegia, infantilizazioaren, diziplinamenduaren, askatasun politikoen zein kontrol sozialaren espresio ezberdinen adierazle diren neurriak gelditzea lortu dute bertako ikasleek. Eta emaitza hauen ondorioz gaude gaur hemen. Baina garbi daukagu: neurri konkretuak lehiatzeaz haratago, hezkuntza eredu osoa iraultzera goaz. Borrokaz borroka, hezkuntzaren gaineko langile kontrolean sakontzera goaz! 
 
Bukatzeko, ikasle langileon defentsarako mekanismoak ahalbidetu duzuen guztioi eskerrak ematearekin batera, dinamika abiarazi genuenetik pairatu behar izan ditugun eraso guztiak gogor salatzea dagokigu. Azpeitian identifikatutako IKASeko kideak, zein Lizarran zuzendaritza ikasleen kontra oldartu izana, besteak beste. Kasu hauek, abendutik salatzen ibili garen autoritarismoaren adibide bat gehiago baino ez dira, gure aldarrikapenak itzaltzeko funtzioa dutenak. Baina guzti honen aurrean kikildu ordez, indarrez eta determinazioz heldu diogu, ikastetxeetako autoritarismoaren gorakadari aurre eginez. Argi izan dezatela, ez covid-19aren, ez segurtasunaren aitzakipean ez dugula ikasle langileon aurkako inolako erasorik onartuko. Eta autoritarismo kasu ororen aurrean izango gaituztela!

Autoritarismoari kaña!
Gora ikasle langileon borroka!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!