Aurtengo larre irekiera ere, bertan behera

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 25a, 10:19
Iazko larre irekieran hartutako irudia.

Enirio-Aralar Mankomunitateak 2021 ekitaldirako aurrekontua onartu zuen atzo, eta webgune berria estreinatu du. COVID-19ak sortutako  egoera dela eta, maiatzaren 1ean egin ohi den Larre Irekiera Festarik ez dutela ospatuko esan dute.

Enirio-Aralar Mankomunitateak aurtengorako abiatutako proiektu eta aurrekontuan aurreikusitako inbertsioen berri eman du gaur. Esan du "historikoki" Gipuzkoako Foru Aldundiak  diru laguntzen bitartez finantzatu ahal izan dituela inbertsioak Enirio-Aralarren, "%100ean". "Iazko murrizketen ondorioz, GFAk 2011tik indarrean zegoen hitzarmenaren bitartez lortzen zen finantzabide hori aldatu eta aurrerantzean inbertsioak Goilarre programaren bitartez kofinantziazio bidez burutuko direla erabaki ostean, udalek inbertsioetarako ekarpenak egitea erabaki dute abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko 200.000 euroko inbertsio plana mantendu ahal izateko", azaldu dute mankomunitateko arduradunek.

Aurrekontuaren inguruan esan dute Mankomunitatearen Zuzendaritza Batzarrak atzo onartu zuela 2021 urterako aurrekontua (308.672,28 euro) eta berari lotutako inbertsioen hasierako proposamena (200.000 euro). “Aurrekontu hauen ezaugarri nagusia da udalek ekarpena hirukoiztu dugula. Horrela, lehenengo aldiz, inbertsioen zati bat udalek finantzatuko dute 57.142,86 euroko ekarpenarekin finantzatuko da”, azaldu dute. 

“Erabaki hori hartzeko unean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko murrizketen barruan proposatutako kofinantziazio eredu berria orekatzea eta Enirio-Aralarreko abeltzaintza azpiegituretan inbertsioak bermatzeko helburua izan dugu”, zehaztu dute. Esan dute, era berean, 200.000 euroko inbertsioak egiteko aukera zabaltzen duela udalek egindako ekarpenak, "GFAk dagokion zatia jartzen badu". "Horretarako, onartu den inbertsio proposamenak, azken urteetan egin gabeko eta artzain nahiz abeltzainek eskatutako lanak jasotzen ditu", gaineratu dute. Besteak beste, 40tik 18 txaboletan aurreikusten ditu hobekuntza lanak. “Edonola ere, inbertsio proposamen hau irekita dago, moldaketa eta hobekuntzetara, eta interesatuak beren ekarpena egiteko aukera dute”. 

Enirio-Aralarko Mankomunitatearekiko udalen konpromisoa berretsi dute udal ezberdinetako ordezkariek ere, “krisi egoera honetan diru gehiago jarriko dugu”. Zentzu horretan adierazi dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitako finantziazioaren eredu aldaketa onartu dutela, horrek dakarren konpromiso ekonomikoari aurre eginda. “Mankomunitatea osatzen dugun udalerriek lehen aldiz inbertsioetarako diru-ekarpena onartu dugu, eta orain Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartu behar da kofinantziazio sistema berriaren kudeaketa nola izango den, berrikuntza baita Mankomunitatearentzat. Espero dugu GFAk aurreratutako proportzioetan kofinantziazio konpromisoei eustea”.   

Lehen sektoreak orokorrean, eta Enirio Aralar Mankomunitateak kasu honetan, “akordio zabal eta iraunkorrak behar ditu, eta gure borondatea elkarlanaren aldekoa da. Gauzak honela, orain Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kofinantziazio eredu berri honetan kudeaketa arau berriak finkatuko dituen hitzarmen berria egitea geratzen da”, gaineratu dute. 

Webgunea
Aurrekontuaren eta inbertsioen inguruko azalpenak ematearekin batera, webgunea berritu dutela azaldu du mankomunitateak. “Gardentasunaren bidean aurrerapauso bat eman nahi izan dugu, mankomunitatearen kudeaketa argitara eman eta herritarren parte hartzea sustatzeko”, esan dute. Gainera, erabiltzaileen laguntzarekin, Aralarri buruz gai askotan dagoen eta etengabe sortzen den jakintza ere bertan biltzen joateko asmoa azaldu dute, eta ataria erabili eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. 

Bukatzeko, aurten ere, tamalez, COVID19ak eragindako egoera dela eta, maiatzak 1eko Larraitzeko Larre Irekieraren Festa ospatzerik ez dela izango adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!