Kostalderako ibilbidea

Iñigo Terradillos 2021ko mar. 25a, 07:58

Juan Sebastian Elkanoren eta Pedro de Tolosaren herriak batuz, Tolosatik Ondarroarako zeharkaldia proposatu du Nairobitarrak Aste Santurako; 65 kilometro egingo dituzte bost egunetan.

Pasa den urteko udan Nairobitarrak natura, historia eta kultura uztartzea proposatu zuen hainbat ibilbideren bitartez. Bada, eskaintzak harrera ona izan zuela ikusita, gainean ditugun Aste Santuko opor egunetarako errepikatzea erabaki dute.

Egungo osasun egoerak ezartzen dituen mugak baldintzatuta, eta «txoko eder eta interesgarri ugari badirelako Euskal Herrian», egin duten eskaintza bide beretik doa, hau da, gugandik gertu izango da. Aste Santurako, ordea, eskaintza berritu dute, eta bidaia berria prestatu dutela azaldu dute Iosu Iztueta eta Iker Iriarte Nairobitarrako kideek. Elkano barnealdetik kostaldera izena jarri diote Tolosan hasi eta Ondarroan amaituko duten oinezko ibilbideari.

«Datorren urtean betetzen dira 500 ute lehen mundu bira burutu zutenetik, eta espedizio hura egin zuten bi gipuzkoarren herriak, Juan Sebastian Elkano eta Pedro de Tolosarenak, lotu nahi izan ditugu modu honetara, baita horretarako erabili zuten Victoria ontziarekin zerikusia duten kostaldeko zenbait herri ere», azaldu du Iriartek. Herri horiek zeharkatzea baino gehiago izango da, dena den, bost egun eta 65 kilometro izango dituen ibilaldia. «Orain dela 500 urteko ohiturak eta bizimodua ezagutzen saiatuko gara: nola bidaiatzen zuten, zer jaten zuten, zergatik joaten ziren».

Iosu Iztuetak azaldu duenez, pasa den urteko udan egin zuten ildo berari jarraitu diote: «Ibilbidea diseinatu dugu, eta hori tematikoa, didaktikoa eta edukiz betea izaten saiatu gara; helburua ez baita mendian ibili ibiltze hutsagatik edota distantzia bat ahalik eta azkarren egitea, baizik eta guztiz kontrakoa, lasai ibili, bazterrak ezagutu, leku izenak zergatik diren jakin...».

Alderdi horretarako, hau da, historiaren pasarteetan sakontzeko, Iriartek eta Iztuetak hainbat lagunen laguntza ere izango dute: «Zarautzen, Getarian edo Zumaian ditugun hainbat lagunengana joko dugu beraiek dakiten hori kontatzeko, saregileak edo antxoak kontserban egiten dituztenak, kasu». Eta, horrekin batera, Elkano Fundazioa edota Zumaiako flysha bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste.

«ILUSIOZ GAINEZKA»

Iztuetak eta Iriartek aitortu dutenez, «buru belarri» prestatu dute Aste Santurako ibilaldi berria, eta «ilusio betez» daude. Bi txanda egingo dituzte. Lehena apirilaren 1ean hasiko da, eta bigarrena, apirilaren 5eko astean egingo dute. Bi txandetarako taldeak osatuta dituzten arren, oraindik ere lekua dagoela azaldu dute, beraz, interesa dutenek Nairobitarraren webgune berritura (nairobitarra.eus) jo besterik ez dute egin behar, informazioa topatu edo harremanetan jartzeko.

Bestalde, udari begira jarriak ere badira Nairobitarrako kideak. Hala, pasa den urtean egin zuten Gaztaren ibilbidea egiteko aukera izango da, Elkano barnealdetik kostaldera ibilbideaz gain. Eta, bi horiekin batera, Erronkaribarren gora izeneko ibilbide berria ere egin asmo dute, Pirinioetan barna.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!